EDITORIALA

Lanpostutik onik itzultzeko eskubidea

Azken zazpi egunean hiru langile hil dira Euskal Herrian lanean. Beste bat larri zauritu zen, atzo, San Adriango industrialdean ibilgailu batek harrapatuta. Sindikatuen zenbaketaren arabera, 40 dira aurten lanean hil diren langileak, astero bat baino gehiago. Edozein ikuspuntutatik, kopuru oso handia da eta egoera oso larria da. Lanean aritzea arrisku handiko jarduera bilakatu da. Giza eskubideen defentsan oinarritzen den gizarte batean, egoera hau onartezina da.

Are okerragoa da azken hiru hildakoetatik bi istripu ez traumatikoetan hil izana, bat ondoezik sentitu eta gero eta bestea arropaz aldatzen ari zela. Istripu ez traumatikoak ere lan istripuak dira eta, zoritxarrez, ugaritzen ari dira. 2020an istripu hilgarri guztien %25 ez traumatikoak izan ziren, eta aurten bederatzi dira arrazoi horregatik hildako langileak. Hortaz, proportzioa mantentzen ari da eta horrek esan nahi du istripu horiek ez direla lanorduetan kasualitatez gertatzen, ezta zorte txarragatik ere, patronalak dioenaren kontra. Istripu ez traumatikoek lan harremanetan dute oinarria: prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira. Eta erretiratzeko adina are gehiago atzeratzen bada, gora egiten jarraituko dute. Lan baldintza gogorrek, lan-erritmo handiak, presioak eta autoritarismoak estresa eragiten dute eta estresetik patologia ugari eratortzen dira langileengan. Eta horiei aurre egitea oso zaila da, lan harremanak aldatzen ez badira.

Lan-istripuak ez dira gertaera bakanak; ekonomia eta etekinak langileriaren osasunaren eta bizitzaren gainetik jartzen dituen ekoizpen-ereduaren isla dira. Ekoizpen-eredua aldatu beharra dago eta horretarako langileen osasuna eta bizitza ardatz bihurtu behar dira, langileek lanpostutik osasuntsu eta osorik itzuli ahal izateko. Ekoizpen-ereduak lan eta bizitza duinak izateko eskubidea bermatu behar du. Hori gizartearen lehen mailako eginkizuna bihurtu da, hitzetatik harago.