EDITORIALA
EDITORIALA

Pedagogia, kalkulua eta ardura larrialdiaren aurrean

Klima larrialdia agenda publikoan sartu da eta ez da bertatik irtengo. Ignacio Palomo ikertzaileak gaur GARAn egindako elkarrizketan azaltzen duenez, larrialdiaren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira, eraginak jendarteen egunerokotasunean guztiz txertatuta daude eta kalteen garrantzia gutxiesten dutenek gero eta zailagoa dute horrela egiteko. Halere, komunikazioan asmatu egin behar da, katastrofismoak pasibotasuna indartu baitezake, arriskuei jaramonik ez egitea; «alferrik da, jada ezin da ezer egin». Krisi betean izanik, tonu eta oreka hori lortzea ez da erraza. Aldi berean, industria kutsatzaileek, kaltearen arduradun nagusiek, estrategia aldatu dute, beren burua aldaketaren parte gisa irudikatuz. Horren erakusle da greenwashing delakoa, hau da, marketin berdea. Itxurakerian inbertsioa izugarri ari da handitzen eta horri aurre egitea ez da batere erraza.

Palomok ideia interesgarriak plazaratzen ditu. Besteak beste, pedagogia zientifikoa indartzearen beharra aipatzen du. Datuei begiratu behar zaie, egoera argi erakusten dutelako. Herritarrek kontzientzia hartu behar dute. Beren bizitzen hainbat eta hainbat alorretan jokatu behar dute zuzen: produkzioan eta kontsumoan, adibidez. Globalizazioak eta neoliberalismoak indartutako zenbait joera eten egin behar dira. Uneotan Fito Jimenezen heriotzagatik doluz jantzita den Euskal Herriko mugimendu ekologistaren agenda historikoari begiratu behar zaio, bertan aldaketok ardazteko gaitegia eta balioak jasotzen direlako.

Jokabide partikular berriak ezinbestekoak badira ere, benetako aldaketak ardurak dituztenen aldetik etorri beharko dira. Bai politikarien eskutik baita kutsatzaileen aldetik ere. Anbizio handiagoko politika publikoak behar dira, ezbeharrei erantzun ez, baizik eta gertaerei aurre hartuko dietenak; ausartak, zenbait arlotan iraultzaileak izateraino. Komunitate zientifikoak hori agintzen die, behin eta berriz. Aldaketak gogoz ala presiopean egingo dituzte, baina egin beharko dituzte, katastrofea hipotesi erreala baita.