Dabid LAZKANOITURBURU

Netanyahu jada ez dago, berak ikusgai egiten zuen Israelgo Estatu sakona bai

Pozik hartuko zuen AEBetako presidente Joe Bidenek lau hauteskunde eta hainbat hilabetetako lan zailaren ondoren Benjamin Netanyahuk lehen ministro kargua galdu izana. Washingtonek ahalegin horretan zerikusi zuzena izan zuenik ezin da inolaz ere baztertu. Barack Obamari hainbat buruhauste eman zizkion eta Donald Trumpen lagun mina zen Bibi politikatik desagerrarazteko gobernu koalizio berezia sortu behar izan zuten Tel Aviven. Pentsa, kolono ultraeskuindarrek, zentro sionistak, Meretz alderdi bakezaleak eta alderdi palestinar islamista batek eserlekuak batu behar izan zituzten Knesset Israelgo Parlamentuan.

Iraganean Netanyahuren lagun min izandako Naftali Bennet da lehen ministro berria eta Washingtonen da egunotan bere lehen bidaia diplomatikoan. Kolono juduen ordezkaria izanik, Iranekin akordio nuklearra ez berreskuratzeko eskatu dio Etxe Zuriko maizterrari eta, bide batez, bi estatuen konponbidea (israeldarra eta palestinarra) iragana dela ere esan dio.

Bi urte luze ditu aurretik Bennetek Israelgo gobernuburu gisa –Yair Lapid zentroko sionistak hartuko dio lekukoa 2023an–. Ez dirudi, ordea, palestinarrekiko politika bortitza epe laburrean aldatuko denik. Netanyahuk alde egin du, baina Israelgo Estatu sakonak ez du bere beharrik bizi-bizirik irauteko.