Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Alardea

Gelako leihotik eder ikusten da Jaizkibel. Goizean ekialdeak Nafarroako argi gorria dakar. Ilunabarrean mendebaldeko argia San Juan aldetik sartuko da, itsasoaren itzalak ekarriz. Haitzaren gibelean dagoen itsasoak munduaren beste aldera eramaten gaitu. Jaizkibel bidaia eta misterioa da. Ziotenez, euskal sorginak akelarrean biltzen ziren bertan. Horietako bat omen zen Inexa Gaxen. Nafarroa Beherekoa sortzez, Irunen bizi izan zen eta Hondarribira ezkondu. Belarretan eta ukenduetan aditua, herritarrei eritasunak sendatzen aritzen zen. Horregatik sorgina. Iparraldean zein hegoaldean Inkisizio frantziarraren eta espainiarraren torturak eta kartzelak ezagutu zituen. “Inexa” parte hartu nuen lehen antzezlana izan zen, Oiartzungo Intxixu taldearekin. Arantxa Urretabizkaiaren testuekin, emakume errepresaliatuaren istorioa ibili genuen ezker-eskuin. Antzezlanari esker ezagutu nuen Inexaren istorioa, garaiko emakume askoren istorioa; sorginak izatearen akusaziopean, jendartetik baztertuak arauari men ez egiteagatik.

Urte dezente geroago, Jaizkibel, Inexa, Arantxa Urretabizkaia, Irun, Hondarribia, emakumeenganako bazterkeria eta indarkeria gurutzatu ziren. Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeekin batera ateratzeko aukera izatea gaztaroko Inexa-ren jarraipena izan da. Ikasbidea, munduan kokatzeko leku egokia zein den gogoraraztea; arauak ez direla pertsonen bazterkeriaren aitzakia izan behar. Eta Jaizkibel, ekialdetik mendebaleraino argiaren bidaian, konpainia ederra dugu horretan.