Basoak baso
Horixe nioen hilabete honen hasieran: hain berdeak baitziren gure inguruak! Halere, ez dira asko ximeldu aurtengo hostotxo eta adar hain bixiak eta seinalatuak! Eguzkiak ez ote du ohiko indar garbi potenterik izan? Ez nuke ez baietzik eta ez ezetzik sinatuko. Eguneroko detaile zehatz horiek toki bakoitzekoak izaten baitira: txoko guztietan termometrorik badugunetik, aise ikusten dugu kale-zokotik mendi-bizkarreko baserri tenteenera zenbateko aldetxoa dagoen. Errekondoko bailaretan, ondotxo dakigu orain, goizero batera edo bestera goazenean, gradu mordoxka aise aldatzen direla. Batez ere, neguan eta udaberrian, zenbat goizetan, erreka inguruko txoko eta maldatxoak, izotzetan zuri, eta goraxegoko baserrian, eguzki leunaren babes epela dugun gozagarri!
Hementxe daukagu, Oñati eta Arantzazu, bien artean koska argia: neguan, astebete pasa izan genuen elurra aldamenak zurituta. Iaz, negu eta udaberri, bien artean, Oñati aldeak hamaika goizetan izan zuen izotz fina. Arantzazun goian, ordea, goiz bakar bat izotzetakoa.
Joan den igandean ez zen izotz beldurrik: jende asko eta asko joan zela Urbiara eta bazen bueltan esaten zuenik: «Arantzazun bai, jende emana! Baina Urbiakoak ez dauka neurririk: gutxitan izan ohi da horrenbestekorik!». Eta gehienak hemengo basoak erretratatzen eta argazkiak zein baino zein ateratzen zebiltzan…