Pello Igeregi, Arantxa Vazquez eta Iker Salaberria
ELA, LAB eta Euskalgintzaren Kontseilua
KOLABORAZIOA

Orain da unea, batuz aurrera egiteko

Azken boladan politikarien ahotik behin baino gehiagotan entzun izan dugu, orain ez dela enpresei zergak igotzeko unea. Egun bizi dugun pandemia-egoerak politikak berrikustea eta lehentasunak birdefinitzea ekarri du. Tamalez, testuinguru horretan, hizkuntzari begira ere antzeko baieztapenak entzun ditugu: orain ez da euskararen unea. Noiz da unea, orduan? Zeren arabera ez da edo bada orain unea? Edota zertarako unea da, orain?

Krisi garaian, gehien duenak bere etekinen parte handiagoa gutxien duenari emateko une aproposa dela pentsatzen dugun bezala, krisi garaiak, inoiz baino gehiago, gizarte erantzukizunez jokatzeko garaia izan beharko lukeela deritzogu. Testuinguru horretan kokatu eta ulertu behar da, beraz, iazko urtearen amaieran, pandemia krisi betean ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko aurkeztu genuen proposamena: 50 langiletik gorako enpresetan euskara-planak negoziatu behar izatea lanbide-arteko akordioan jasotzea.

Negoziatu behar izatea diogu eta horrek ez du ziurtatzen euskara-planak abiatzea; halere, garrantzitsutzat jo dugu aukera dagoen enpresetan gaia agendan kokatzea. Horrek, noski, sindikatuen bizkar gainean jartzen du halako negoziaketak bultzatzeko zeregina eta konpromisoa.

Gure aldetik argi ikusten dugu orain dela horretarako unea. Jendarte gisa krisi honetatik zer nola aterako garen, orain hartzen diren erabakiek eta abian jartzen diren politikek erabakiko dute. Orain dugu, beraz, euskal hiztun komunitatearen egoera zaurgarriari aurre egin eta hizkuntza-eskubideen bermean oinarrituko den jendarte berdinzaleago, kohesionatu eta demokratikoagoa eraikitzeko aukera.

Aukera diogu, eremu sozioekonomikora aldaketa sakonak baitatoz. Besteak beste, datozen bi hamarkadetan langileriaren erdia erretiroa hartzeko adinean egongo baita. Eta lan-mundura jauzia egingo duen belaunaldian inoiz baino elebidun gehiago daude (%70etik gora).

Aukera gisa ikusi nahi duguna arrisku ere bilaka daiteke, ordea. Neurri egokirik hartu ezean, eremu sozioekonomikoak belaunaldi hori erdaldundu dezake. Ondorioz, belaunaldi hori euskalduntzeko urteetan eginiko ahalegina eta inbertsioa hankaz gora bota dezake.

Orain dela unea ikusten dugu, gainera, halako neurri batek inoizko babes eta bultzada instituzional zabalena izan dezakeelako. Aldi berean, euskalgintzaren baitan adostasun zabala dago euskararen normalizazioak aurrera egiteko eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egin beharraz.

Unea orain dela, beraz, ez dugu zalantzarik. Gainera, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialak eraikitzen ari garela etorri da proposamena. Ehun gizarte eragilek baino gehiagok bat egin dute ekainaren 19an aurkeztu genuen “Batuz aldatu. Hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala” dokumentuarekin eta bertan jasotzen den bezala, hizkuntza-politiketan jauzia egiteko ezinbestekoa da langileen artean euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta euskaraz lan egiteko espazio erosoak eskaintzea.

Lanbide-arteko akordio honekin ere adostasun zabalak eskuratzeko harreman-erronda egin dugu azken hilabeteotan eragile sindikal, politiko eta instituzionalekin. Horren emaitza izango da, besteak beste, urriaren 4an gai honi lotuta Eusko Legebiltzarrean egingo den eztabaida. Espero dugu adostasun zabal horren lehen argazkia eskaintzea bertan herritarron ordezkariek.

Eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean dugun erronkari ahalik eta modu bateratuenean aurre egiteko behar besteko ikuspegia eta konpromisoa izan behar ditugu guztiok. Atzera edo aurrera egiteko, orain baita unea.