Jose Manuel Martinez
Irakasle ohia
KOLABORAZIOA

Eskola-segregazioa eta euskara

Ikasturte berria. Hezkuntza sistemak zituen arazo «sistemikoak» azaleratu egin dira berriz; gure lotsak eta hutsak: eskola-segregazioa eta euskararen ezagutza ez nahikoa. Biak gero eta nabarmenagoak eta, nire ustez, txanpon bereko bi aldeak.

Euskadiko Eskola Kontseiluak, hainbat GKEk, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak eta hezkuntzako adituek behin eta berriro berresten dute: EAEn dugun sistema publiko-pribatuak maila sozioekonomiko baxuko ikasleak segregatu egiten ditu, sare publikora baztertuz.

Hau da Francisco Luna, ISEI-IVEI ebaluaziorako institutuko zuzendari ohiaren diagnostikoa: «El sistema educativo vasco, con cuarenta años de competencias plenas en educación... presenta graves problemas de inequidad interna y situaciones graves, casi escandalosas, de segregación. No conseguimos reducir la distancia entre alumnos y alumnas de niveles socioeconómicos extremos, nuestra inversión en educación no parece ser eficiente si observamos los resultados en evaluaciones externas, nuestro sistema vive realidades de guettización de centros y de alumnado, el reparto de responsabilidades en el acogimiento de todas las diversidades no es equilibrado».

Zeintzuk dira segregazio nabarmen horren ondorioak? Bi abiadurako ikastetxeak, integrazio falta, marjinazio poltsak –Save the Childrenek ohartarazi du 18 urtetik beherakoen % 25,3 (41.515 haur eta nerabe) pobrezia larrian edo gizarte-bazterketa arriskuan daudela Euskadin, eta 26.543 gabezia handiekin bizi direla–, arrakala soziala eta, ziur aski, delinkuentziaren gorakada. Ekuazioa erraza da: integrazioa edo marjinazioa.

Euskalduntze arloan, gauzak aurrera joan arren, Hezkuntza Sistemak helburuak ez dituela lortzen dio ISEI erakundeak egin duen azken Ebaluazio Diagnostikoak (2019). Horren arabera, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen %34,1k ez dute lortu erreferentziako euskara maila (B1), ezta DBHko 2. mailako ikasleen %53,3k berea ere (B2). Beherakada are eta nabarmenagoa da hezkuntza itundu-pribatuan. ISEIren arabera, indize sozioekonomiko eta kultural baxukoa, errepikatzailea edota atzerritar jatorrikoa da, oro har, euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenen argazkia. Ezin da garbiago esan.

Erabilerari dagokionez, 15 eta 29 urte bitarteko gazte euskaldunen artean euskararen erabilerak behera egin duela erakusten du Gazteen Euskal Behatokiak iazko martxoan argitaratu zuen Euskadiko Gazteen Egoeraren diagnostikoak.

Ez da zaila irudikatzea eskola segregatu bateko ikasgela batean zein izan daitekeen inoiz «ama» edo «gero arte» hitzak entzun ez dituzten bertako umeen abiapuntua euskararen aurrean: ezjakintasuna, harridura, etxekoen aldetik motibaziorik eza. Nola murgildu euskal kulturan eta euskaraz, prekaritatean bizi eta etorkizun iluna duten ume horiek? Nola konbentzitu euskaraz egin dezaten sare sozial integratzaile bat osatu gabe? Nola sortu sare integratzaile hori bere eskolan denak ume segregatu badira? Zer interes du euskarak inoiz bere ezagutza eskatuko ez dioten lanpostu batean egotera behartuta dagoenarentzat, inoiz administrazioan lekurik izango ez duenarentzat? Zertarako ikasi euskara inguruan inork ez badu erabiltzen? Familia behartsuen indize handia duten eskoletako umeei kentzen diegu euskara normaltasunez ikusteko aukera eta besteekiko elkarbizitzarako gaitasuna lantzekoa, pertsonalki eta sozialki aberastu ahal izateko. Euskara bihurtzen ari gara klase ertainekoen hizkuntza? Erraza da: integrazioa euskararen munduan edo marjinazio erdalduna.

Segregazioarekin guztiok galtzen ari gara, eta etorkizuneko gizartearen elkarbizitza eta euskaraz egiteko eskubidea kolokan jartzen da. Segregazioa oztopo bat da eta euskararen normalkuntzaren aurka jokatzen du.