GARA
PARIS

Urrutikoetxeak azaroaren 17an jasoko du auziaren emaitza

Parisko Zigor Auzitegiak heldu den azaroaren 17an jakinaraziko du Egoitz Urrutikoetxearen aurkako epaiketa- ren emaitza. Bi egunetako saioaren ondoren defentsak Urrutikoetxea errugabetzea eskatu zuen atzo. Fiskalak lau urteko kartzela zigorra galdegin zuen, baina betetzeko beharrik gabe. Beraz, Urrutikoetxea ez da kartzelara joango. Edonola ere, egungo testuinguru politikoan kartzelatze eskaera egitea «anakronikotzat» jo zuen Urrutikoetxeak “Mediabask” kazetari eginiko adierazpenetan.

Atzoko saioan hainbat lekukotasun entzuteko parada izan zen. Horien artean, Josu Urrutikoetxearena. Monique Elgoihenek, Lexantzüko auzapezak, bertako hautetsi Egoitz Urrutikoetxeak herriarekiko duen atxikimendua nabarmendu zuen. Euskal Elkargoko presidente Jean-Rene Etchegarayk, bestal- de, gatazka armatua gainditzeko bidean Euskal Herrian egindako bidea jorratu zuen, bereziki Aieteko Nazioarteko Konferentziaren ondotik.

Alain Tellier polizia komandante ohiak zailtasunak izan zituen Urrutikoetxea klandestinitatean kokatzen zuen aitzineko txostena defendatzeko, defentsaren itaunketari erantzutean.

EH Bairen izenean, Xabi Larralde izan zen Urrutikoetxeari elkartasuna adierazteko. «Ondoko astean Aieteren hamargarren urteurrena ospatuko dugu, eta guk espero duguna ez dira prozedura judizialak, militante politikoak kartzelatzeko mehatxupean jartzen dituztenak, baizik eta euskal presoak etxeratzeko urratsak», adierazi zuen.