D.L.

AEBak talibanekin bilduko dira Afganistan utzi zutenetik lehen aldiz

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren ordezkaritza bat talibanekin bilduko da gaur, Dohan, Qatarreko hiriburuan, bere Armadak Afganistanetik alde egin zuenetik lehen aldiz.

Ordutik hona kontaktuan egon dira okupatzaile ohiak eta talibanak, baina orain lehen aldiz egongo dira aurrez aurre.

Bilerak gaur eta bihar, igandea, egingo dira eta talibanen goi ordezkaritzak hartuko du parte. Washingtonek ez du jakinarazi nortzuk bidaliko dituen Dohara.

Eskaeren zerrenda eta ordena

AEBek Afganistanen jarraitzen duten estatubatuarren eta 20 urtez AEBetako okupazioarekin kolaboratu zutenen irteera ahalbidetzeko eskatuko diete talibanei. Estatubatuarren kasuan talibanek oztoporik ez dutela jarri onartu du Washingtonek eta 100 bat baino ez dira geratzen, baina Afganistanen dute bizitza eta ez dute oraindik erabaki joan ala ez. Kolaboratzaileen auzia korapilatsuagoa da.

AEBek talibanei exijituko diete halaber, «Afganistanera terroristei sartzen ez uzteko hartu zuten konpromisoa bete dezaten». Hirugarrenik, «afganistandar guztien, emakume eta neskak barne, eskubideak errespetatu ditzaten eta gobernu zabal bat onartu dezaten».

Azkenik, Afganistan larrialdi humanitarioaren atarian dagoen honetan, nazioarteko agentziei herrialdean aske mugitzen uzteko eskatuko diete.

Washingtonek ziurtatu duenez, talibanen erregimena legitimatzea ez dago mahai gainean. «Talibanen ekintzak aztertuko ditugu, ez hitzak».