Imanol CARRILLO
TXIRRINDULARITZA

Tadej Pogacar, zu bai zu kirol honetako monumentua!

Esloveniarrak Il Lombardia irabaziz amaiera itzela eman dio urte historiko bati.

Tadej Pogacar UAE Emirates taldeko txirrindulariak erakustaldia eman eta garaipena erdietsi zuen esprintean Il Lombardiako 115. edizioan, sasoi honetako azken monumentuan, Como eta Bergamo artean korritu zen 239 kilometroko klasikoan.

Urteari amaiera bikaina emateko balio izan zion Il Lombardiak. Izan ere, Tourra –iazko edizioa ere irabazi zuen– eta aurtengo Lieja-Bastogne-Lieja lasterketa ere agertzen dira bere palmaresean. Balentria hau ez zen 1973tik ikusi, Eddie Merckx belgikarrak lortu zuenetik.

Iazko eta aurtengo Tourrean eremu guztietan ondo moldatzen den txirrindularia dela erakutsi du Pogacarrek, eta atzo beste modu batean gailendu zen: esprintean. Fausto Masnada (Deceuninck Quick Step) italiarra baino azkarragoa izan zen esloveniarra. Adam Yates (Ineos) britainiarrak podiuma itxi zuen; irabazlearengandik 51 segundora helmugaratu zen.

Atzetik, Primoz Roglic (Jumbo) esloveniarra eta Alejandro Valverde (Movistar) murtziarra iritsi ziren. Euskaldunik onena Mikel Nieve (BikeExchange) izan zen; 18. postuan sartu zen, 2:49ra. Jonathan Castroviejo 63. postuan helmugaratu zen, irabazlearengandik 11:09ra. Mikel Landak (Bahrain), bestalde, ezin izan zuen lasterketa amaitu.

Il Lombardiak betiko ihesaldia izan zuen. Bertan aritu ziren Thomas Champion (Cofidis), Jan Bakelants (Wanty), Victor Campenaerts (Qhubeka), Tim Wellens (Lotto), Chris Hamilton (DSM), Mattia Bais (Androni), Davide Orrico (Vini Zabu), Andrea Garosio (Bardiani), Domen Novak (Bahrain) eta Amanuel Ghebreigzabhier (Trek).

Indarra, sufrimendua eta adorea

Tropelak ez zien laguntzarik eman eta Bergamotik 50 kilometroren faltan harrapatu zituzten. 35 kilometroren faltan, Passi di Ganda igoeran, Pogacarrek lehenengo indar erakustaldia egin zuen. Taldetik ihes egin zuen eraso bortitz batekin, baina ondoren, jaitsieran, sufritu egin zuen. Izan ere, erorikoa izatetik oso gertu egon zen. Eta ez behin, baizik eta bi alditan lurrera erortzetik oso gertu egon zen. Errepideko horma oso gertu izan zuen esloveniarrak, eta egoera hori oso ondo aprobetxatu zuen bertako errepideak bikain ezagutzen dituen Masnadak –Bergamon jaiotako txirrindularia– 16 kilometroren faltan Pogacar harrapatzeko.

Azken igoera gogorrean, bien arteko begiradak nabariak izan ziren. Italiarrak etxeko zaleen animoak zituen, baina esloveniarrak, artista hutsa honelako egoeretan, bere legea inposatu zuen denboraldi historiko bati amaiera bikaina emateko.