Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Georgiarrek uzta bikaina lortu dute Hindu Kush mendilerroan

Georgi Tepnadze, Baqar Gelashvili eta Archil Badriashvilik Saraghrar mendiaren ipar-mendebaldeko tontorraren lehen igoera etaLaguta e Barfi mendiaren hirugarrena erdietsi dituzte. Saraghrar mendiko horma tente eta teknikoak zazpi bibak eskatu dizkie.

Giorgi Tepnadze, Baqar Gelashvili eta Archil Badriashvilik talde oso indartsu eta eraginkorra osatzen dute. Abuztuan eta irailean Hindu Kush mendilerrora eginiko espedizioan, lehen lerroko alpinista georgiar hauek emaitza bikainak erdietsi zituzten. Pakistanera egindako bidaian, bi helburu zituzten esku artean, eta biak biribiltzeko gai izan ziren. Laguta e Barfi mendiaren (6.833 m) hirugarren igoera sinatu zuten. Hain zuzen ere, hegoaldeko isuritik igo ziren 1.800 metroko bide batetik. Teknikoki errusiar eskalan 5A maila jarri diote. Elurrean 75 graduko eta izotzean 60 graduko aldatsak gainditu zituzten, eta, denera, joan-etorri horretan bibak bat egin zuten.

Laguta e Barfi mendia egokitze faserako erabili zuten; izan ere, georgiarron helburu nagusia Saraghrar mendiaren ipar-mendebaldeko gailurra zen. 2.300 metroko horma tentea gainditu behar izan zuten. Bertikala bezain gogorra: 6B errusiar eskalan (ED2). Eta hori diogu murru horretan zazpi bibak egin zituztelako. Tontor horren lehen igoera da.

Pakistanen eta Afganistanen arteko mugan dagoen Hindu Kush mendilerroak mendi oso erakargarriak eskaintzen ditu. Eta hain zuzen ere, lerrootako protagonistek Rosh Goleko haranean jardun zuten. Badriashvilik aurreratu duenez, espedizioaren xede nagusia Saraghrar mendiaren ipar-mendebaldeko gailurra zen, besteak beste, igo gabe zegoelako: «Zapaldu gabe zegoen eta eskualdeko garaiena da. Onartu behar dut erronka zaila izan dela oso. Gure aurretik beste hiru espedizio saiatu ziren, baina guztiak etxera esku hutsik itzuli ziren. Ipar-mendebaldeko hormatzarra ikusgarria da. Makalun eginiko espedizioaren ostean, Giorgik eta biok dirulaguntza lortu genuen espedizio hau egiteko. Eta abuztuaren 20rako, kanpaleku nagusia antolatuta genuen».

Rosh Goleko harana Hindu Kush mendilerroak duen altxor ezkutua da. Ingurumari hartan izan diren gatazka armatuen ondorioz, bisita gutxi jaso ditu. Oro har, 6.000 eta 7.000 metro arteko makina bat mendi ditu, eta Saraghrarreko tontor nagusia da altuena (7.349 m).

Badriashvilik esan du ipar-mendebaldeko murrua, oso agerikoa izateaz gain, ederra baino ederragoa dela: «Espedizioa iaz hasi ginen prestatzen. Eskualdearen inguruko informazioa biltzen ari ginela, Hindu Kush mendilerroko Rosh Gol eskualdea ezagutu genuen. Himalaiako edo Karakorumeko espedizioekin alderatuta, azken hau oso ezberdina izan da. Makalun eginiko espedizioaren ondoren, gogor entrenatu ginen, batez ere kirol eskaladan eta mistoan. Onartu behar dut Hindu Kusheko mendiak oso handiak, tenteak eta teknikoak direla. Muturreko eskaladetan jarduten duten alpinistentzat oso erakargarriak. Baina sobietarren eta afganiarren arteko gerrak ingurumari hori ‘hutsik’ utzi zuen. Gure uste apalean, mendilerroak duen altxor bereziena Saraghrar da. Eta mendi hori eskalatzeko aukera ez genuen galdu nahi izan».

Xede nagusiari ekin baino lehen, hiru georgiarrok Laguta e Barfi igo zuten. Mendi horri “Hindu Kusheko emaztegaia” deitzen diote, eta, hain zuzen ere, girora egokitzeko oso aproposa da: «Girora egokitzeko, abuztuaren 25ean Lagutea e Barfi igo genuen. Zuria eta ederra da; izotzak eta elurrak protagonismo berezia dute. Hegoaldeko isuritik igo ginen; hots, Pakistango aurpegitik. Dakigunez, duela zazpi urte Zeelanda Berriko espedizio bat ibilbide horretatik igotzen saiatu zen, baina gailurrerian atzera egitea erabaki zuten. Oro har, zailtasun ertainekoa da, eta horrek azkar eta arin eskalatzen lagundu zigun. Hitz batean esanda, girora moldatzeko asko lagundu zigun. Gauez hasi ginen eskalatzen. Lehen aldatsak ez ziren pikoak, baina murruaren erdialdean 60 graduko tarteak gainditu behar izan genituen. Batez ere, izotzean. Egun horretan 1.400 metro igo eta gailurrerian (6.400 m) bibaka egin genuen. Biharamunean, tontorra egin eta bide beretik rappelatu genuen».

Oso gogorra

Aklimatatu ondoren, alpinista georgiarrak helburu nagusira abiatu ziren: Saraghrar mendiko ipar-mendebaldeko hormara. Eskaladarako hiru aukera aztertu zituzten: «Hori etxean egin genuen, baina hormaren azpian geundela, beste egoera batekin egin genuen topo. Azkenean, hautatu genuen ibilbidea oso luzea eta nahasia bihurtu zen. Ezustea izan zen. Mendilerroko udazkeneko txostenik ez genuenez, abuztuaren amaieran saiatzeko erabakia argia zen. Eskaladari dagokionez, hitz batean esan behar dut intentsoa eta askotarikoa izan zela. Lehen egunean, korridore luze batean sartu ginen. Ondoren, ezkerreko aldean dauden hormak igo genituen. Eta hurrengo egunetan, granitozko murru luzeak aurrez aurre izan genituen. Zailak izateaz gain, oso-oso nahasiak ziren. Pentsa, bi egunean soilik hiruzpalau luze eskalatu genituen! Gauak, berriz, erlaitz txiki batzuetan igaro genituen. Soilik denda bat altxatzeko lekua zegoen. Horietako bibak bat leku oso arriskutsua zen; dendatik kanpo lo egin genuen. Hormatzarra 7.130 metroko garaieran amaitu zen. Azken egun horretan luze gogorrenei aurre egin behar izan genien. Ondoren, oso-oso zorrotza zen gailurrerian sartu eta Saraghrarreko ipar-mendebaldeko tontorra lehen aldiz zapaldu genuen. Tontorretik oso gertu igoeraren azken bibaka egin genuen. Biharamunean, haizeteek gogor jo gintuzten. Bide beretik jaistea erabaki genuen; aukera agerikoena zen. Egun eta erdiko jaitsieran 35 rappel egin genituen! Baina zinez merezi izan zuen».

Headwall-ean, hots, murruaren zatirik gogorrenean, bost egun egin zituzten. Alpinista georgiarrek onartu dute egin dituzten eskaladen artean azken hau gogorrenetarikoa dela. Zailtasun teknikoez gain, une arriskutsuak bizi izan zituzten: «Horrek guztiak genituen zalantzak biderkatu zituen. Baina, zorionez, oztopo guztiak gainditzeko gai izan ginen. Bi egunean soilik hiru luze egitea ez da oso ohikoa. Eta horrez gain, bibak ia guztiak txarrak baino txarragoak izateak ez du laguntzen».

Bestalde, Badriashvilik azpimarra egin nahi izan dio taldekideek egindako lanari: «Giorgi bikaina da. Elkarrekin zortzi urte daramatzagu eskalatzen, eta egundoko jarduerak egin ditugu. Baqar ere ondo ezagutzen dut. Himalaian egin ditugun azken espedizioetan gurekin izan da. Goi mailako taldea osatzen dugu».

Hori esan eta gero, alpinista georgiarrak esan du hedabideekin harrituta dagoela: «Ez dakigu zergatik, baina ez digute arreta berezirik ematen. Onartu behar dut Georgia independente izan arte, gure eskaladak ’itzalean’ egon direla. Baina 2017. urtetik aurrera, saiatu gara gure espedizioen berri ematen. Bederen, ‘American Alpine Journal’-ek jasotzen ditu. Nahiz eta zortzimilakoetan izan garen, gure jarduera ia gehenak mendi txikiagoetan egiten ditugu. Aitzitik, eskalada teknikoak eta oso zailak izaten dira. Hindu Kushera eginiko azken irteeran den-dena eman behar izan dugu; batez ere, Saraghrar mendian».