EDITORIALA

Elkarbizitzari buruzko irakaspenak Argentinatik

Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurrenean, Argentinako Maria Servini epaileak Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia gizateriaren aurkako krimenengatik auzipetu duela jakin da. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen eta 1978ko sanferminetan Iruñean izandako hilketen arduraduna izatea leporatzen dio. Auzipetze horrekin, Servinik arrakala erraldoia ireki du frankismoaren zigorgabetasunean. Frankismoaren krimenak ez dira desagertu eta epailearen erabakiak sortutako sufrimenduaren gaineko erantzukizuna hartzera behartzen ditu krimenon erantzuleak, elkarbizitza eta bakea eraikitzeko ezinbesteko baldintza dena. Horrela egin dute Argentinako genoziden eta torturatzaileen senide batzuek. Analia Kanilec biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten genozida baten alaba da, eta gaur GARAn argitaratu den elkarrizketan, afektu pertsonalaren gainetik, bere aitak egindako krimenak publikoki gaitzestera nola iritsi den azaltzen du. Historias Desobedientes kolektiboaren sorrera ere bultzatu du, egoera berean izanik familia loturen eta betebehar zibikoaren eta konpromiso sozialaren artean ezbaian diren beste pertsona batzuek beren senideen krimenak publikoki gaitzesteko urratsa egin dezaten. Argentinan, diktaduran egindako krimenak epaitzeak ahalbidetu du gizartean horrelako hausnarketak zabaltzea. Hausnarketa kolektibo hori gertatutakoa ez errepikatzeko bermea da.

Argentina irakaspen asko uzten ari da torturatuen, hildakoen, desagertuen eta haur lapurtuen artean milaka eta milaka biktima utzi zituen diktaduraren ondorioak gainditzeko moduari buruz. Indarkeria instituzional horren erantzuleen aurkako epaiketek aurrera jarraitzen dute, gertatutakoari buruzko egia azaleratzeko, herritarrek beren senideak non dauden jakiteko, justizia egiteko eta, ahal den neurrian, biktimei beren pairamena arintzeko. Lan goresgarria zinez, nazio osoaren kontzientzia indartzen duena, torturatzaileen senideengana ere iritsiz.