GARA
GLASGOW

Herrialde pobreei dirua eskaini zaie Cop26 gailurra atakatik ateratzeko

Klimaren aldeko finantziazio plan berria behar da, garapen ekonomikoaren bidean dauden herrialdeek Glasgowko gailurrean hartuko den edozein akordiori babesa emango badiote. Garatutako eta garatzeko bidean dauden herrialdeen arteko haustura konpontzeko bilioika dolar jarriko omen dira mahai gainean.

Urriaren 31tik azaroaren 12ra bitartean mundua Glasgowra begira jarriko da, 192 herrialde eta ia 20.000 gonbidatu izango baitira bertan, Nazio Batuen Erakundeak antolaturiko klimaren aldeko mundu mailako goi bileran. Asmoak anbizio handikoak dira; besteak beste, tenperaturaren igoera 1,5 graduetan mantentzea, Parisen adostu bezala.

Baina gauza bat da asmoa aurkeztea eta oso bestelakoa hori gauzatzea. Ataka larriak bizi ditu Glasgowko hitzorduak. Hasteko, Txina, Errusia, India edo Australia bezalako herrialde erraldoiek kutsadura gutxitzeko konpromiso berriak aurkeztu behar dituztelako eta ez dagoelako argi gailurraren aurretik egingo ote duten. Eta bestetik, herrialde pobre eta zaurgarriei, ardura gutxi daukaten hondamendi klimatiko horren inpaktuak arintzeko, hitzeman zitzaizkien diruak ez direlako inon ageri. Oso herrialde gutxik bete dituzte beren betebeharrak, eta bete dituztenek behar zutena baino diru gutxiago eman dute. Bi arrazoi horiek direla-eta kinkan dago Cop26aren arrakasta.

Mehatxuon aurrean, gailurraren anfitrioi Erresuma Batuko gobernuak pauso bat aurrera eman eta Alemania eta Kanadarekin batera datozen orduetan finantziazio plan bat aurkeztuko duela iragarri du. Alabaina, plan horrek argia ikusi baino lehen baditu dagoeneko hodei ilun askoak, eta Erresuma Batuko gobernuan gatazka gordin bat sortu du.

Konfiantza jokoan

Izan ere, Ogasun ministro britainiar Rishi Sunak kanpo laguntzarako aurrekontuetan murrizketa berriak iragarri ditu, BPGaren %0,7tik 0,5era pasatzeko; hau da, 4.000 milioi libera esterlina gutxiago. Munduarentzat ez da arrotza izan erabakia, eta hitz eta promesa potoloak dakartzan Cop26 gailurraren sinesgarritasuna eta zintzotasuna zalantzan jarri ditu. Boris Johnsonen kabinetean, berriz, hausturak eta tentsioak areagotu ditu erabakiak.

Herrialde pobreei hau esan zitzaien: «2009tik 2020ra 100 bilioi dolar jasoko dituzue diru iturri publiko eta pribatuetatik, berotegi efektuko gasak murriztu eta klima aldaketaren inpaktuei aurre egiteko». Alta, Glasgowra promesa hori bete gabe joango dira, gehienez 80 bilioi dolar iritsi baitzaizkie.

Rishi Sunak ministroarekin muturtuta eta sesioan dabilen Alok Sharma ministro eta Cop26 bilerako presidentearen hitzetan, «herrialde garatuek 100 bilioi dolarren promesa bete behar dute. Konfiantza kontu bat da eta horrelako gailurretan, negoziazio klimatikoei begira, konfiantza lortzea zaila den ondasun hausgarria da».

Ataka arriskutsu honen aurrean, AEBetako, Alemaniako, Japoniako eta Kanadako gobernuek diru gehiago jarriko zutela adierazi zuten atzo. Baina gehiago, askoz diru gehiago, beharko da herrialde pobreen egokitzapenari begira, eta ez hainbeste berotegi efektuko emisioen murrizketari begira; izan ere, dirua soilik horretara bideratzen bada, pobreei baino, diru-sarrera ertainak dituzten herrialdeei iritsiko zaie.

«Kaosa, gatazkak» ugalduko lituzke gailurraren porrotak

Cop26 gailurrean parte hartuko duen Nazio Batuen Erakundeko klima arduradun gorena, Patricia Espinosa, porrot batek izango dituen ondorioez jardun da. Berotegi efektuko gasak berdin jaurtitzen jarraituz gero gerta daitekeenaz ohartarazi du mundua: «Egonkortasun eta segurtasun globala kinka larrian egongo dira, kolapsatzeko zorian. Migrazio krisiek eta elikagaien urritasunak gatazkak eta kaosa izugarri areagotuko dituzte».

Espinosaren aburuz, Glasgowko gailurrean «egiazki, herrialdeen egonkortasunari eusteaz jardungo gara, urte luzeetan eraiki diren instituzioen babesaz, herrialdeek elkarrekin jarri dituzten helburu komun oinarrizkoenez». Eta hau gaineratu du, larritasuna adieraziz: «Hondamendi beteko agertoki batek inpaktu itzelak izango lituzke, batzuk besteekin lotuak, kate bereko katebegi, denak elkarrekin agertuta». Elikagai eskasiaz mintzatu da, oso egoera latz eta zaurgarrian geratuko liratekeen milioika pertsonaz, egonkortasunik eza darien iturri agorrezinez. Eta ez bakarrik ingurumen ikuspegitik, gizakiek elkarrekin eraiki duten sistema oro arriskuan ikusten baitu. GARA