Asier AIESTARAN
PILOTA

Altunarik onena, seigarren finalera

Amezketarrak sekulako erakustaldia eman du Gasteizen eta ez dio inolako aukerarik eman beti behartuta ibili den Joseba Ezkurdiari.

ALTUNA III.A 22

EZKURDIA 10


Jokin Altunak Lau eta Erdiko bere seigarren finala jokatuko du segidan azaroaren 14an, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Unai Lasoren aurka. Amezketarrak sekulako erakustaldia eman zuen atzo Joseba Ezkurdiaren aurkako finalerdian eta ez zion inolako aukerarik eman arbizuarrari, azken 22-10ekoak argi erakusten duen moduan.

Neurketak hasiera bikaina izan zuen, afizioa egiten duten horietakoa. Aurreneko sei edo zazpi tantoak txapela kentzeko modukoak izan ziren: bizi jokatuak, hutsik egin gabe, erremate ederrekin amaituak…

Lehen sakea Altunari egokitu zitzaion, baina lehen tantoa Ezkurdiarentzat izan zen zabalean amaitutako erremate eder bati esker. Erantzuna berehala iritsi zen, Altuna izan baitzen gantxoz berdinketa sinatu zuena. Eta horrela jarraitu zuten 3-3raino, sakea zuen pilotariak tantoa egin ezinda.

Baina ordura arte bien ikuskizuna zena, bien luzimendua, une horretatik aurrera bakarraren erakustaldi bilakatu zen, Jokin Altunarena. Sakeari zuku handia atera zion amezketarrak; ez agian zuzenean tanto asko egin zituelako –bi bakarrik–, baina bai bigarren pilotakadan min handia egin ziolako Ezkurdiari.

Lehen partziala zazpi tantokoa izan zen, 2-3tik 9-3ra. Altuna bikainena ikusi genuen: aurkaria bikain mugitzen eta tantoa erraz amaitzen. Ezkurdiak, aldiz, bekatu txikiren bat egin zuen; 8-3an lau eta erdiko marratik atzera bidali zuen pilotakada bat, esaterako.

Gantxo eder batekin igoarazi zuen markagailura nafarrak 9-4koa, baina sakeak tanto bakarra iraun zion eta Altuna 13-4ra joan zen. Horixe izan zen Ezkurdiaren beste ezina: sakea hartu zuen aukera horietan ez zuela asmatu Altunari min egiten.

Zehazki, beste bi aukera izan zituen, 13-5ean eta 14-6an, baina bietan Altunak berehala kendu zion sakea, eta hor jada argi ikusi zen Ezkurdiak ez zuela zereginik izango atzokoan.

Lortutakoaz harro

Azkenean 22-10 nagusitu zen amezketarra eta partida amaierako ospakizunek eta amorru oihuek argi erakutsi zuten Altunak garaipenari eman zion garrantzia, ondorengo adierazpenetan onartu zuen bezalaxe.

«Garaipenari edo finalari baino garrantzi handiagoa ematen diot urtero goian jarraitzeko maila erakutsi izanari. Nik bakarrik dakit zenbat lan dagoen honen atzean. Aurtengo txapelketa ez da erraza izan niretzat, hasieran kosta egin zitzaidan nire maila hartzea. Baina badakit kirol hau zer den, urte guztian ez gara gelditzen, konfinamendu garaitik aste bat bera ere ez naiz gelditu, eta badakit ezin dela beti maila onenean egon. Gai izan nintzen une zailetan aurrera egiteko eta horrek asko pozten nau», adierazi zuen Altunak.

Joseba Ezkurdia, bestalde, penatuta agertu zen. «Errestoan ez dut asmatu Altuna behartzen, eta sakea izan dudanean ere bigarren pilotakada horretan eskubiarekin ez dut pilota nahi nuen lekuan jartzen. Pena horixe da. Berak oso ongi jokatu du, baina nik ez dut nirea egin».

Aimarren garaipena

Hirugarren partidan, Aimar Olaizolak 22-20 irabazi zuen Ogetako agurreko neurketan, mariatxi eta guzti.

Promozioko finalerdiak, gaur Adarragan

Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak gaur jokatuko dira Logroñoko Adarraga pilotalekuan (17.00, Etb1). Hautatutako lekua ez da kasualitate hutsa; izan ere, bi errioxar irtengo dira finalean sartzeko faborito gisa, ligaxkan partida guztiak irabaztetik datozen Javier Zabala eta Dario Gomez, biak Aspekoak. Ezustekoa ematen saiatuko direnak, aldiz, Baiko Pilotako bi aurrelari euskaldun: Joanes Bakaikoa eta Iraitz Zubizarreta. Jaialdia Dario eta Bakaikoaren arteko demarekin hasiko da, bi pilotari oso desberdinen arteko lehiarekin. Ezkaraikoak bere abiadura eta indarra inposatu nahiko ditu hasieratik, baina etxarriarra maisua da egoera zailetan aurrera egiten eta partida luzatzen saiatuko da, bere irabazle senari etekina ateratzeko. Jaialdia itxiko duen hirugarren partidan Zabala eta Zubizarreta neurtuko dira. Kasu honetan biak dira erritmo bizia ezartzea gustatzen zaien aurrelariak, eta ikusi egin beharko da nork lortzen duen hori. Akats gutxi egitea izan daiteke gakoetako bat.A.A.