Imanol CARRILLO
PILOTA - LAU ETA ERDIKO TXAPELKETA

Ezkurdiak irabazi du brontzezko domina eta esperantzarako atea zabaldu zaio

EZKURDIA 22

PEIO ETXEBERRIA 16


Pilota txapelketetan dominarik ez da banatzen, baina esan genezake atzo Lau eta Erdiko Txapelketako brontzezkoa kolkoratu zuela Joseba Ezkurdiak. Ez zen arbizuarraren partidarik onena izan, ezta gutxiagorako ere, baina sake zitalekin egindako zazpi tantoek eta 11-0 partzial batek (8-10etik 19-10era) bizia eman zioten nafarrari markagailuari buelta eman eta atzo aurkari baina oso lagun ona duen Peio Etxeberriaren aurka garaipena eskuratzeko.

Ez hori bakarrik. Iruñeko Labriten irabazita, esperantzarako ate txiki bat ere ireki zaio nafarrari. Datorren igandean Bilbon jokatu beharreko finalean, Jokin Altunak edo Unai Lasok ezingo balute jokatu –finala ezin da atzeratu–, Ezkurdiak jokatuko luke txapela irabazteko neurketa hori beste finalistaren kontra. Gainera, atzo irabazi ostean, datorren urteko Lau eta Erdiko Txapelketan, aurten txapeldun ateratzen denak finalean bakarrik izango luke aurkari.

Baina etorkizun hori oso urruti dago oraindik. Atzo, Ezkurdiak asko sufritu behar izan zuen partidaren lehen zatian. Deseroso eta partidatik kanpo nabaritzen zitzaion eta Peio Etxeberriak ederki aprobetxatu bazuen ere, ondoren arbizuarrak indarrak berreskuratu eta garaipena erdietsi zuen.