Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Sokada frantziar batek jarduera bikaina egin du Chamlang mendian

Benjamin Vedrines eta Charles Doboulozek zazpimilakoaren iparraldeko horma lehen aldiz igo dute «A l´hombre du mensonge» bideazabaldu eta gero. Frantziarrek lau egun behar izan zituzten 1.600 metroko marra tekniko (WI5+, M5+, 90º, ED) hori igotzeko.

Benjamin Vedrines (32 urte) eta Charles Dubouloz (29 urte) gazteak dira, baina azken urteotan erakutsi dute, oso sasoiko egoteaz gain, goi mailako jarduera alpinoak egiteko gai direla. Eta gazteak badira ere, sendotasun itzela erakusten ari dira. Ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar, eta, soka gerrira lotuta, makina bat eskalada egin dituzte.

Joan den udaran, adibidez, Mont Blanc mendilerroko sona handiko lau murru kateatu zituzten: “Les ailles du desir” (300 m, ABO, 7c) Fouko hegoaldeko horman, “Directe americaine” (1.000 m, ED-, 6c, A0) Petit Druxen, “Contamine” (750 m, MD, 6a, A0) Petites Jorassesen eta “Gervasutti” (750 m, ED, 6b, A1+) Grandes Jorassesko ekialdeko paretan. Hori guztia lau egunetan eta hurbilketak oinez eginez lortu zuten.

Antza denez, aktibitate hori “beroketa” ariketa bat izan zen; izan ere, joan den urriaren 9tik 12ra, bi gazte hauek Chamlang-eko (7.319 m; Nepal) iparraldeko isuria lehen aldiz igotzeko aukera izan zuten.

Oso erakargarria den xede horren atzetik lehen lerroko alpinistak egon dira. Gertuen ibili direnak Marek Holecek eta Zdenek Hak txekiarrak izan dira. Duela pare bat urte, zazpimilakoaren ipar-mendebaldeko murruan “UFO Line” zabaldu zuten. Baina esan dugun bezala iparraldekoa igo gabe zegoen. Zalantzarik gabe, frantziarrak oso eraginkorrak izan dira.

Lau asteko espedizioan, soilik ekinaldi on bat behar izan dute sari hori lortzeko. Horman lau egun igaro zituzten, eta, gailurra zapaldu ondoren, mendebaldeko ertzetik jaitsi ziren: «Tontorra egin eta argi genuen ez ginela bide beretik jaitsiko. Igotzeko oso aproposa da, baina barruan zaudela hobe da atzera ez egitea».

Vedrinesek ez bezala, Duboulozek lehen aldia zuen Himalaian. Onartu du espedizio osoan eguraldi bikaina izan zutela, baina Katmandun ohartu zela laino batean zegoela: «Himalaiara joan aurretik nire mendi garaiena Mont Blanc zen. Benjamin, berriz, duela pare bat urte Chamlang-en egon zen. Garaieraren inguruan ez nekien ezer, eta, beraz, ez nekien nola erantzungo nuen. Benjaminek berak gonbidapena egin zidan, aurreko espedizioan Nicolas Jean-ekin ipar-ekialdeko korridorea eskalatu zuen, baina iparraldeko horma igotzeko arantza geratu zitzaion. Estilo alpino puruan jardun dugu; arin, soka finkorik gabe, laguntza logistikorik gabe... Eta apustua oso ondo atera zaigu. Aipatu behar dut ere, eguraldiarekin eta mendiaren baldintzekin zorte handia izan dugula».

Irailaren 23an, Nepalera heldu ziren. Oinez lau eguneko hurbilketa bidea egin eta gero, kanpaleku nagusia altxatu zuten. Aldez aurretik Mera Peak-en (6.476 m) girora egokitu ziren.

Vedrinesek onartu du aurreko espedizioan baino askoz ere gehiago estutu behar izan duela: «Duela pare bat urte, bide berri bat ireki nuen ipar-ekialdeko espoloian. Gailurreriara iritsi ginen, baina, eguraldi gaiztoarengatik, ez ginen tontorrera abiatu. Azken espedizio honek askoz ere gehiago eskatu dit. Batetik, goialdetik egunero elur purga asko jasan genituelako. Eta bestetik, zailtasun tekniko handiak gainditu behar izan ditugulako. Iparraldeko horma erraldoia da. Bagenekien oso zorrotza dela, eta den-dena eman behar izan dugu. Horma laiotza, garaiera, hotza, luze teknikoak, bibak zailak, konpromisoa... Finean, lau egun horiek oso intentsoak izan ziren. Oso azkar eskalatzen saiatu gara, hori baita gure filosofiaren oinarri nagusia. Oso azkar bazoaz, badakizu arrisku maila handitzen dela. Baina Charlesek eta biok uste dugu abiadura jarduera honen giltza izan dela. Horri guztiari gehitu behar diogu oso motibatuta geundela. Murru hain handi batean soilik bi laguneko sokada bat osatzeak badakigu konpromisoa eskatzen duela. Finean, alpinismoa hori da, eta guk horrela ulertzen dugu».

Ziurtasunik ez

Protagonistok arestian aipatu dutenez, mendiaren baldintzak kudeatzeko ez zuten arazorik izan: «Ez dago aitzakiarik: baldintza ikusgarriak izan ziren. Elur zelai batean edo bestean sekzio hauskorrak eta delikatuak zeuden. Baina, oro har, tarte oso seguruak eta erosoak gainditzeko aukera izan genituen. Bibaken antolaketa beste kontu bat izan zen: buruhausteak eragin zizkiguten! Gaua igarotzeko leku gutxi zeuden, eta aurkitu genituenak oso deserosoak eta arriskutsuak izan ziren. Goiko sekzioetatik elurroldeak erortzen ziren. Ez ziren handiak; bai, ordea, segidakoak. Bigarren bibakean elurra dendan sartu zen. Une oso desatseginak bizi izan genituen, baina, aitzitik, horretarako prest geunden. Erabat motibatuta geunden».

Nahiz eta baldintzekin zorte ikaragarria izan zuten, Vedrines eta Duboulozek iparraldeko murru erraldoi eta zail bati aurre egin behar izan zioten: «Nortasun handiko pareta da, eta bide berri bat sortu eta tontorra lortzeko saria ez zegoen batere ziur. Bereziki, aurpegiaren erdian bazegoen sekzio gogor bat. Aztertu genuenean, oso tentea zirudien; muturrekoa, alegia. Behetik ikusita, zaila zen jakitea izotz nahikoa ote zuen. Hori esan ondoren, gehitu nahi dugu lehen zatia eskalatzen ari ginela mentalki prest ginela atzera egiteko».

Igoeraren prozesuari dagokionez, sokada frantziarra urriaren 9an kanpaleku nagusitik (5.400 m) irten zen. Goizeko 6.00etan lehen urratsak egin zituzten, eta egun horretan murruaren erdia baino gehiago eskalatu zuten: «Biharamunean, askoz ere mantsoago jardun genuen. Bidearen giltza oso tentea eta teknikoa da. Egun luzeak izan ziren. Horrekin esan nahi dut egunero makina bat ordu igotzen jardun genuela. Iparraldeko horma batean geundenez, eguzkiak ez gintuen berotu. Horma laiotza da! Baina, bederen, klima oso egonkorra izan genuen. Gailurrean, berriz, haizea altxatu zen; 40 kilometro orduko ufadak jasan genituen. Laburbilduta, sortu dugun bidea oso tentea, hotza, luzea eta zaila da. Grandes Jorassesen antz handia du, baina luzeagoa eta altuagoa».

Vedrines eta Duboulozek onartu dute Chamlang mendian egin duten jarduera inoiz egin duten gogorrena izan dela: «Asko eskatu zigun. Zaila da azaltzea gauero izan genituen spindrift-ek sortutako egoera desatsegina. Lo hartzeko arazoak izan genituen; izan ere, denda garbitzen denbora asko egin genuen. 6.700 metrora antolatu genuen bibaka infernua izan zen; geure bizitzetan izan dugun gogorrena».

“A l´hombre du mensonge”-k dituen zailtasun teknikoei dagokienez, Duboulozek onartu du Alpeetan luze gogorragoak eskalatu dituztela, baina Chamlang-en zailtasun hori askoz ere iraunkorragoa izan zen: «Ez nago oso ziur, baina uste dut, denera, izotzean WI5+ mailako hamar luze zabaldu genituela. Oro har, geure buruak babesteko arazo larririk ez genuen izan. Izotz eskasa zegoenean, arrokaren artesietan aukerak bilatzen genituen. Alabaina, une jakin batzuetan harkaitzaren kalitatea oso eskasa zen. Eskalada mistoan ere, gogor estutu behar izan genuen. Errezeta alpino bikaina izan zen».