GARA
SASKIBALOIA

Pibotik gabe aurkitu du garaipenaren bidea

Ivanovicek pibotik gabe jokatzeko hautua egin zuen bigarren zatian. Laugarren garaipena eskuratu zuen.

BITCI BASKONIA 92

UNICAJA 89


Baskonia garaipenaren bidera itzuli da bere nortasuna aterata; une gozoan ez zaudenean, ezinbesteko bihurtzen den nortasun hori, alegia. Norgehiagoka honetara bolada txar baten erdian iritsi dira Unicaja zein talde gasteiztarra. Azkenean, hondarreko minutuetan erabaki zen etxekoen alde, Dusko Ivanovicen taldeak azken laurdenean irauli baitzuen markagailua. Sedekerskis izan zen gehien nabarmendu zen jokalaria (35 puntuko balorazioa) eta erasoan Granger ibili zen ondoen, 24 puntu eta 7 hirukoitzekin. Nolanahi ere, Marinkovicen lanak ere azpimarra merezi du. Finean, Ivanovicek konfiantza gehien daukan jokalari horiengan banatu zituen minutuak eta horiek garaipenera eraman zuten. «Hil egin behar bazara, konfiantza daukazun horiekin hilko zara», adierazi zuen entrenatzaileak behin partida bukatuta.

Unicaja hobeto hasi zen eta kanpoaldekoak jokoan sartu zirenean, 2-16ko lehen partziala eskuratu zuen. Marinkovicen zortzi puntuek markagailua estutu zuten, baina Barreiroren bi hirukoek berriro abantaila handitu zuten andaluziarren alde. Bigarren laurdenean 13-2ko partzialak partidan sartu zuen Baskonia eta errebotean Unicaja ondo zebilela ikusita, pibotik gabe jokatzeko hautua egin zuen Ivanovicek. 10-0ko partzialak aurretik jarri zuen Baskonia eta hirukoen elkartrukean, Giedraitisen azkena eta bere errebotea erabakigarriak izan ziren.