Manex ALTUNA
FUTBOLA

Euskal selekzioaren Gabonetako partida antolatzeko asmoa dauka federazioak aurten, San Mamesen

Bost urteren ostean euskal selekzioak Gabon hauetan jokatzeko aukera aztertzen ari da federazioa. Aurkari indartsu bat bilatzen ari omen dira, baina arazoak dituzte data zehatz bat aurkitzeko.

Abendu bukaeran ez da Liga partidarik jokatuko Lehen Mailan. 2021eko azken jardunaldia abenduaren 18 eta 19ko asteburuan jokatu beharko litzateke. Hala ere, Athleticek Real Madrilen kontrako norgehiagoka bat atzeratuta dauka eta badirudi abenduaren 22an jokatuko dela. Azken berrien arabera, San Mamesen jokatuko litzateke eta ez Bernabeun, nahiz eta egutegian horrela jarrita egon.

Baieztatuko balitz, Euskadiko Futbol Federazioaren hasierako planteamendua bertan behera geratuko litzateke. Euskal selekzioak abenduaren 21ean Txileren kontra jokatzeko asmoa zuela argitaratu zen atzo hainbat komunikabidetan.

Bigarren aukera abenduaren 27an Nigeriaren aurka jokatzea izango litzateke. Emakumezkoen selekzioak ere jokatzea aztertzen ari dira. Kasu horretan euskal taldeek jokalariak uzteko arazoak izan ditzakete. Izan ere, urtarrileko lehen asteburuan Ligako partidak jokatuko baitira. Euskal selekzioaren deialdietan sarritan errepikatzen den kontua da.

Hautatzaile berria ere aurkeztu beharko du selekzioak, Clemente Libiara joan baitzen udan. Joseba Etxeberria da taldea zuzentzeko hautagai nagusia. Bestalde, joan den astean Euskadiko Futbol Federazioak ezagutzera eman zuenez, Mikel de Gregorio futbolari ohia izango da kirol zuzendaria. 1985ean jaioa, Bigarren B eta Hirugarren mailako hainbat taldetan aritutakoa da eta Getxoko taldean ari zen lanean.