GARA
TOKIO

Japoniako lehen ministro berria AEBetako armadaburuarekin bildu da

Lehen ministro kargua hartu eta biharamunean, AEBek Indo-Pazifikoan duten Armadako komandante nagusiarekin bildu zen atzo Fumio Kishida, Japoniak Washingtonen geoestrategian duen papera agerian utziz. Bileran jorratutako auzia, nola ez, Txinaren hazkunde militarra. Agintariek AEBen eta Japoniaren arteko segurtasun ituna berretsi zuten eta eskualdean «egonkortasuna» mantentzeko borondatea agertu.

Tokioko bere egoitzan hartu zuen AEBetako Marinaren almirante eta Indo-Pazifikoko Komandoaren buruak Fumio Kishida lehen ministroa. PLD alderdi liberaleko presidente izendatua izan eta gero, urrian hauteskundeak irabazi zituen Kishidak, eta, Komeito alderdi budistari esker, Gobernua osatzeko gehiengo osoa lortu zuen.

Atzoko bileran, lehen ministroak bere egin zuen Txinaren hazkunde militarrari aurre egiteko Washingtonen eta Tokioren estrategia; defentsa arloan, bi herrialdeen kezka nagusia da hori, Ipar Koreako auziarekin batera. AEBetako komandanteak bere aldetik, «eskualdean bakea, egonkortasuna eta garapena bermatzeko konpromisoa» berretsi zuen Kishidarekin ateak itxita bildu aurretik.

Aurrez, Aquilino komandantea Japoniako Kanpo Arazoetarako eta Defentsa ministro berriekin ere bildu zen, Yoshimasa Hayashi eta Nobuo Kishi hurrenez hurren. Kishik ohartarazi zuenez, «Japoniaren segurtasun egoera gero eta larriagoa da»; Pekini eta Piongiangi egotzi zien erantzukizuna.

Txinaren ohartarazpena

Xi Jinping Txinako presidenteak eskualdeak bizi duen «Gerra Hotz giroaz» ohartarazi zuen atzo eta, «une historiko kritiko honetan», dei zuzena egin zien AEBei: «Konfrontazioan biok dugu galtzeko, elkarlanean biok irabaziko dugu»