Iraide IBARRONDO
BILBO
«EZIN EZER ESPERO», LAUGARREN LANA

Huntzak erregistro aldaketa dakar bere disko berrian

Huntza taldeak aldaketaz beteriko diskoa aurkeztu du: «Ezin ezer espero». Laugarren lan honetarako Julieta Venegas eta Doctor Prats artistekin kolaborazioa izan du, besteak beste.

Huntza taldeak bere laugarren lana aurkeztu zuen, atzo, Bilboko Kafe Antzokian: “Ezin ezer espero”. Izenburuak iradokitzen duen moduan, Huntza erritmo eta doinu aldaketa dezenterekin azaldu da zortzi abestiz osatutako lan berri honetan, betiere bere izaera mantenduz, baina ohikoak baino doinu intimoago eta letra sakonagoak plazaratuz. Horrela, Huntza berri bat aldarrikatu nahi izan dute, taldeak «alderdi eta erregistro asko» dituela erakusteko.

Izan ere, taldea itxialdiaz baliatu zen «barrura begira» jartzeko, hausnartzeko eta publikoak haiengandik espero zuenaren inguruan pentsatzeko. Hori horrela, kantak era «naturalean» eta «espero gabe» atera zirela adierazi zuen Josune Arakistainek, taldeko trikitilari eta ahotsak.

Doinu lasaiagoen alde egindako apustuaren adibide nabaria “17:21” kanta da, Julieta Venegas kantautore mexikarrarekin elkarlanean egindako lana. «Trikitixarekin lehenengo melodia sortu nuenean nire etxeko salan nengoen eta burura etorri zitzaidan lehenengo pertsona Julieta Venegas izan zen. Esan nuen, ‘joe polita izango litzateke Julieta Venegasek parte hartuko balu baina, Josune, ez egin hainbesteko ametsik’», gogoratu zuen Arakistanek.

Ideia hartatik abiatuz, trikitilariak entsegu batean egin zien proposamena taldekideei eta Venegasen ezetza jada bazeukatela ondorioztatu zuten. Hortaz, saiatzea erabaki zuten. Managerrekin kontaktuan jarri eta, espero ez zuten arren, mexikarrak baiezkoa eman zien. «Ideia txoro batetik atera zen dena», azaldu zuen Arakistainek.

Disko honetan, orokorrean, irudi, estetika eta bideoklipei «garrantzi handia ematen» saiatu direla adierazi zuen Uxue Amonarrizek, taldeko panderojotzaile eta kantariak.

“Ezin ezer espero” lanaren beste berezitasunetako bat da ekoizle baten laguntzarekin, Pablo Novoarekin, grabatu duten lehen diskoa dela. Grabazioa 2021eko martxo eta abuztuan izan zen Haritz Harreguy estudioetan, Usurbilen. Peru Altubek, bateria-jotzaileak, Novoaren lana goretsi zuen: «Hasiera- hasieratik oso lagungarria egin zaigu eta oso eskertuta gaude disko honi kanpoko ikuspegi bat atxikitzeagatik». Horretaz gain, Altubek gaineratu zuen lana konfiantzazko jendearekin egiten denean, askoz fruitu «oparoagoa» ematen duela.

Zuzeneko kontzertu gosez

Hemendik eta apirilera bitartean 20 kontzertu inguru ditu hitzartuta taldeak. Hiru bloketan banatuko dira: Euskal Herrikoak, espainiar Estatukoak eta frantziar Estatukoak. Horretaz gain, Aitor Huizik, biolin eta biola jotzaileak, Suitzan ere kontzertu bat eskainiko dutela zehaztu du.

«Apiriletik aurrera gure asmoa linea honetan jarraitzea da. Uste dut denok gaudela jotzen hasteko irrikan», aurreratu zuen taldeko baxu-jotzaile Inhar Eskisabelek, taldekideek buruarekin baiezko keinua egiten zuten bitartean. «Gu zuzenekoetako animaliak gara», gehitu zuen Huizik barrez.

«Aldapan gora»-ren mamua

Oraingoz, Euskal Herrian data gutxixeago hitzartu izanaren arrazoiak bi izan daitezke, taldekideen iritziz. Batetik, “Aldapan gora” hit-aren «mamua» Euskal Herrian oraindik hor dirauela uste dute. Eta, hortaz, Euskal Herrian «kostatzen» dela «Huntza berri bat aldarrikatzea».

Bestetik, osasun neurriak eta pandemiaren bilakaera tarteko, epe luzerako kontzertuak hitzartzea zaila dela deritzote.