Jon ORMAZABAL
AIZKO

Iker Vicente, gainontzekoak baino koxka bat gorago

Emakumezkoetan Karmele Gisasolak jantzi du historiako lehen txapela, hau ere uste baino errazago.

Azken kanporaketan gauzak oso bestelakoak izan zitezkeela zirudien arren –Zestoan esaterako Mikel Larrañaga aurretik izan zuen–, Iker Vicentek gaur-gaurkoz gainontzeko aizkolariak baino koxka bat gorago dagoela berretsi zuen atzo gizonezkoetan iazko podiuma errepikatu zuen Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalean. Nesketan ere, pronostikoetan pentsa baino errazago gailendu zen Karmele Gisasola, hiru lehiakiderekin lehen aldiz estreinatu zen txapelketan. Bigarren urtea da aizkolariek, Sherpa enpresaren laguntzarekin, txapelketa euren kasa antolatu dutena, lehena publikoarekin, eta Bizkaia Arenan jendetza bildu zen, pandemiaren aurretik jokatutako azken finalean baino gehiago. Hala, giro polita, eta oso berritzailea, bizi ahal izan zen Miribillako kirol kantxan.

Kirol alorrari dagokionez, lanak luze xamarrak ziren arren, Iker Vicente lehen enborretik saiatu zen gizonezkoen finala lehertzen, bai eta lortu ere. Sei lehiakideren artean gazteena izanagatik, lehen aizkorakadatik ezarritako erritmo biziari eusteko gai izan zen eta, enborrak txarrak ez baina erraz-errazak izan ez ziren arren, hirugarren txapelaz gozatzeko astia izan zuen 39.37ko denborarekin. Atzetik, aurtengoa bere urtea izan zitekeela uste zuen Mikel Larrañaga gozakaitz aritu zen; lehen enborrean, gainera, korapilo batean trabatu ere egin zen eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen –2 minutu eta 10 segundora–. Otaño izan zen hirugarrena –3 minutu eta 26 segundora–.

Halakoetan sarri gertatzen den bezala, finalak beste zenbait final ere izan zituen barnean. Lehenengo enborretik, garaipenaren lehian Iker Vicente bakarrik geratu zen eta bere buruaren aurka izan zuen lehiarik handiena. Nafarraren atzetik, bigarren posturako lehian izan zen emoziorik handiena.

Lehia horretan, Aitzol Atutxa indartsu hasi zen, lehen 60 ontzakoan bigarren postuan amaitu zuen Vicenterengandik ia minutu erdira, baina azkenerako oinbikoetan trabatu eta laugarren postuan amaitu zuen dimoztarrak. Behetik gora eginda, hirugarren oinbikoan hartu zuen desiratutako bigarren postu hori Larrañagak eta, lehen postutik urrun izan bazen ere, ondo kudeatu ahal izan zuen hartutako aldea iazko postu bera errepikatzeko.

Behetik gora egin zuen bestea Otaño beizamarra izan zen, iazko podiuma ezustekoa izan ez zela berretsiz. Atutxa izan zen laugarrena eta, bere finala eginda, Julen Alberdik bosgarren amaitu zuen. Seigarren postua, aldiz, Jon Irazu finaleko beteranoarentzat izan zen, gainontzekoengandik urrun xamar.

GIsasola ere, erraz antzean

Emakumezkoen kasuan, azken kanporaketan hiru finalistak sei segundoren barruan sailkatuta, gauzak are estuagoak izan zitezkeela ematen zuen, baina hemen ere lehiakide bat, Karmele Gisasola, besteen gainetik aritu zen nabarmen, lehen txapela Mallabi aldera eramanez. Minutu eta 15 segundora Uxue Ansorregik bigarren amaitu zuen eta Maike Ariztegik lortu zuen hirugarren postua, 3 minutu eta 26 segundora.

Hori bai, kasu honetan bigarren enborrera itxaron behar izan zuen Zelai III.ak finalaren burua hartzeko. Izan ere, lehen enbor horretan azkarrena Ariztegi iturendarra izan zen, bizkaitarrari 13 segundoko aldea aterata. Ohikoa duen eran, apurtzera irten zen nafarra, baina azkenerako lanak luzetxo egin zitzaizkion, bi lehiakide gazteek askoz hobeto neurtu baitzituzten indarrak. Batez ere Karmele Gisasolak, finalaren burua hartu eta oso lasai aritu baitzen aizkoran. Saiatu zen, behetik gora eginda, Uxue Ansorregi, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen azkenean.