Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

«Mr. Zog’s Sex Wax» argizaria: 50 urteko ibilbide adierazgarria

Hastapenetatik polemikoa izandako argizari markak 50 urte beteko ditu. Hasieratik aldeko eta kontrako jarrerak sortu zituen arren, surfaren industrian arrakasta gehien izan duen produktuetako bat da eta, egun oraindik, argizari erabilienetakoa da surflarien artean.

Mr. Zogen “Sex Wax” surf taulentzako argizari marka ezagunenetako bat da, ezagunena ez bada. Ibilbide eta historia bitxia izan du argizari marka horrek eta, 50 urteko ibilbidearen ostean, hastapenetako irudi berbera izaten jarraitzen du.

“Mr. Zog’s Sex Wax” argizari marka Frederick Charles Herzog III.ak sortu zuen 1972an, bere lagun Nate Skinner kimikariarekin batera. Herzog III.a 1945ean jaio zen eta Tustinen (Oregon) hazi zen, Newport Beachetik hamar kilometro ipar-ekialdera eta Los Angelesetik 40 kilometrora. Kalifornian, alegia.

1960ko hamarkadaren hasieran, Tustin Union High School-era joan zen eta horren ostean Disneylandeko The Skyway atrakzioan erakarpen-operadore gisa lan egiten hasi zen. Egun batean, Dale Velzy eta Hap Jacobsen egurrezko surf taula bat erosi zuen 90 dolarrekin eta lagunekin surfeatzen hasi zen Orange County eta San Diegoko hondartzetan. Dana Point hiriko Salt Creek hondartzan arraun egin zuen lehen surflarietako bat izan zen eta Doheny State Beach eta Trestleseko olatu bikainak ere jende pilaketarik gabe gozatu ahal izan zituen.

Geroago, Herzogek “Wardy” markako surf taula bat erosi zuen. Bere bizitzako momenturik onena bizitzen ari zen. Kalifornian surfak izan zuen «urrezko aroa» bete-betean gozatzen ari zen Herozg 1960ko hamarkadan, Dick Dale & His Del-Tones talde arrakastatsuaren doinuen erritmora.

Santa Barbarako Unibertsitatean ekonomian lizentziatu ondoren, Herzogek surf denda bat ireki zuen Goletan 1969an, Santa Barbara aireportutik gertu. “Zog Surfboards and Wave Delineation” izenez bataiatutako surf taulak egiten hasi zen eta modelo desberdinak sortu zituen. Sasoi hartako bere lankideetako bat zen Nate Skinner kimikaria, geroago Kaliforniako Unibertsitateko irakasle bihurtuko zena. Bi lagunen arteko elkarrizketetatik sortu zen argizari eraginkor bat egiteko ideia, izan ere, garai hartan baziren surf taulentzako argizariak, jada 1964az geroztik komertzialki eskuragarriak zirenak, baina bi lagunen iritziz ez ziren oso eraginkorrak. Gainera, oraindik ere ustiatu gabeko merkatu bat egon zitekeela uste zuten.

Bost hilabete egin zituzten etxeko «laborategian» probak egiten eta, azkenean, baliagarria izan zitekeen prototipo bat eratu zuten. Argizari hura salgai jarri zuten, diru sarrera gehigarri bat izateko balio zezakeelakoan. Hala ere, oraindik ez zuten argizariaren komertzializazioan bete-betean murgiltzeko asmorik, ez baitzuten uste produktu hark hainbesterako eman zezakeenik. Kontuak kontu, formula hobetzen jarraitu zuten, pozik geratu ziren arte.

Kaliforniatik mundura

1972. urtean argizaria egiten zuen enpresa handiena, hau da, Surf Research konpainia, bitan banatu zen eta, Herzog eta Skinerrek formula osatua zutenez, surf taulentzako argizaria merkaturatzeko aukera paregabea ikusi zuten. Argizaria prest zuten, baina izen eta logotipo bat behar zuten eta lagun batengana jo zuten. Hank Pitcher artistak diseinatu zuen jatorrizko etiketa eta, zirriborroa egin ostean, Herzogi aurkeztu zion.

Proposamen ausarta zen: “Sex Wax”. Diseinatzaileak izen dibertigarria zela pentsatu zuen, pikantea. Publizitate munduko “sexuak saltzen du” maxima kontuan hartu zuen. Herzogi ideia gustatu zitzaion, «deigarria, absurdoa eta probokatzailea» iruditu omen zitzaion. Gainera, salmenten eremuan tabu den gaiari egiten zion erreferentzia: sexua.

«Hasieran, ez nekien zer pentsatu», adierazi zuen Frederick Herzogek elkarrizketa batean. «Etiketa oso arraroa zela eta ziurrenik polemikoegia izango zela iruditu zitzaidan, baina, zenbait egunez hausnartu ondoren, zera erabaki nuen, dibertigarria izateaz gain, koherentea ere bazela nire izaera sarkastikoarekin», azaldu zuen.

Urrunago joan zen. 1974an surf aldizkarietan argitaratu zen iragarki batean, Herzog agertzen zen bizkarka kamerari irribarre maltzur bat egiten, parean zituen bi neskari soinean zeraman gabardina zabaltzen zien bitartean. “Expose Yourself to Sex Wax” (“Azal ezazu zure burua Sex Waxen aurrean”) goiburua zuen iragarkiak.

“Mr. Zog’s Sex Wax” markaren sortzaileak era guztietako iruzkinak jaso zituen. Batzuek suminduta  produktua erosteari utzi zioten, beste batzuek, ordea, bezeroak nahasteko estrategia zela uste zuten, markarekin lotutako «umore arin eta kaltegabea» zela.

Egun, oraindik ere jatorrizko logotipoa osorik mantentzen da. Oraindik itsatsiak ditu “The best for your stick” (“Zure makilarentzat hoberena”) eta “Never espoils” (“Inoiz ez da hondatzen”).

“Goleta Factory Sex Wax” lantegia 400 metro koadroko garaje bat zen, hilean 20 dolarren truke alokatzen zutena. Bertan hasi ziren 50 litroko upel batean argizaria, bigungarrien olio-soluzioa eta usaina emateko produktu kimikoak nahasten. Lehen argizari moldeak zopa-lata zaharrak ziren. Aldiz, handik gutxira atun latak erabiltzen hasi ziren eta horrela jarraitu zuten denbora luzez. Banana, limoia, menta eta marrubi usaina zuten argizariekin hasi ziren hasiera batean, eta, geroago, anana, mahatsa eta koko zaporeak gehitu zituzten.

Santa Cruzetik San Diegora, surf denda guztietan aurkeztu zuen argizaria Herzogek 1972an. Gutxi izan ziren lehen unetik argizari berria saltzen hasi zirenak, baina, denbora pasa ahala, Kaliforniako denda guztiek amaitu zuten “Sex Wax” argizaria saltzen. Handik hedatu zen mundu osora “Sex Wax” argizari polemikoa.