GARA
AIZKORA

Ez dago faborito garbirik Euskal Herriko txapelketa nagusirako

Atzo aurkeztu zuten igandean Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko den Euskal Herriko lehen mailako aizkora txapelketa nagusia. 12.00etan hasiko da eta zuzenean jarraitu ahalko da ETB1en.

Txapelketa Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatu du, Tolosako Udalaren laguntzarekin. Beraz, hemen ez dira egongo iragan igandean, Bilbon, Sherpa.ai Aizkolaritza Txapelketa Nagusiko finalean aritutakoak, Federaziotik kanpo sortu baitzuten txapelketa.

Hala, Tolosan sei aizkolari arituko dira lehian, txapelaren bila: Hodei Ezpeleta Lopetegi (Bizkaia), Luis Mari Txapartegi Gurrutxaga (Gipuzkoa), Xabier Zaldua Alberdi (Gipuzkoa), Oier Kañares Ibarra (Nafarroa), Iban Resano Igoa (Nafarroa) eta Jose Antonio Etxeberria Osakar (Nafarroa).

Sei aizkolariek egin beharreko lana honakoa izango da: lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Iazko edizioa pandemiagatik bertan behera geratu zen. Azken irabazlea Iker Vicente izan zen eta aurten ez dago faborito garbirik.