GARA
JERUSALEM

Palestinar armagabetu bat hil zuten poliziak babestu ditu Israelek

Gobernu israeldarrak atzo bere babesa erakutsi zien larunbatean palestinar bat tiroz hil zuten bi poliziei. Ustez, biktimak zibil ultraortodoxo bat sastatu zuen Jerusalemen. Hala ere, agenteek palestinarra tirokatu zuten unean armagabetuta zegoen. Lekuko batzuek mugikorrarekin grabatu zuten tiroketa eta sare sozialetan birala egin da.

Gobernu israeldarrak babesa erakutsi zien atzo joan den larunbatean, abenduaren 4an, Jerusalemen palestinar armagabetu bat tiroz hil zuten bi polizia agenteei. Polizia israeldarrak esandakoaren arabera, biktimak zibil ultraortodoxo bat sastatu zuen Jerusalemeko hiri zaharreko Damaskoko Atetik gertu tirokatua izan baino lehen. Halere, lekuko batzuek bideoz grabatu zuten agenteen esku-hartzea eta, bertan, lurrean armagabeturik azaltzen da.

Zehazki, sare sozialetan biralizatutako bideoan, Mohammed Salima gazte palestinarra lurrean etzanda eta erresistentziarik jarri gabe ikus daiteke, bi agenteek tiroz hiltzen duten unean.

Israeleko lehen ministro Naftali Bennettik agenteen interbentzioa «bizkor eta irmoa» izan zela adierazi eta haien portaera goraipatu zuen. Era berean, agenteen jarduna justifikatzeko Salima «zibil israeldar bat erailtzen saiatu zen terrorista bat» zela argudiatu zuen.

«Gure indarrek horrela jokatzea espero dugu eta horrela jokatu zuten», nabarmendu zuen.

Grabaketari dagokionez, Bennettik azpimarratu zuen bideoak ez duela «inongo zalantzarik uzten» eta agenteek era «bikainean» erreakzionatu zutela.

Halere, lehen ministroak hedabide palestinarrak bideoaren bertsio editatu bat publikatu eta zabaldu izanaz akusatu ditu.

Agenteei armak itzuli dizkiete eta oraingoz lanean jarraitzen dute, gertatutakoaren inguruko galdeketa errutinazko bat egiteke duten arren.

Judizioz kanpoko tiroketa

«Israelgo segurtasun langileek indar hilgarria modu erregularrean baliatzen dute palestinarren aurka, eta horren ondorio dira gisa honetako judizioz kanpoko exekuzioak», adierazi zuen Giza Eskubideen aldeko Goi Komisarioaren Bulegoak. Era berean, erakundeak salatu zuen Gobernu israeldarrak ez duela ia «erantzukizunik hartzen palestinarrek Israelgo indarren eskutik jasandako heriotza eta zauriengatik». Bere aldetik, Mahmud Abbasek, Palestinako presidenteak, heriotza hau arbuiatu eta adierazi zuen Israelek herri palestinarraren aurka egiten duen agresio etengabearen beste adibide bat izan dela.

Ildo beretik, Palestinako lehen ministroak Nazioarteko Zigor Auzitegiari kasuan esku hartzeko eskatu zion.