GARA
ESKUBALOIA

Bi aste jokatu gabe egon eta gero, Europako erronka du gaur Bidasoa Irunek

Luzea egin zaie etenaldia zaleei, are gehiago Bidasoa Irungo jokalariei, baina talde gipuzkoarra prest da berriro ere lehiara itzultzeko. Bi aste igaro dituzte jokalariek partidarik jokatu gabe taldean egondako zortzi covid-19 kasu tarteko, baina gaur (20.45, Artaleku) hitzordu garrantzitsua dute European League txapelketako multzoen faseko laugarren partidarekin, Orlen Wisla Plock talde poloniarraren aurka.

Jokalariak fisikoki nola dauden aztergai egongo da gaur Artalekun. Bidasoak Ligako bi neurketa eta Europako beste bi galdu ditu egoera berezi honengatik. Egia da entrenamenduetara bueltatzeko aukera izan duela, baina erritmoa ez da partidetako bera izaten. Jacobo Cuetara entrenatzaileak aitortu du taldea ez dela «maila altuenean jokatzeko moduan iritsiko» partidara. Bidasoa Irun multzoko laugarren sailkatua da, Orlen Wisla Plock baino lau puntu gutxiagorekin, baina baita bi partida gutxiagorekin ere. Multzoen fasea hala amaituz gero, sailkatu egingo lirateke irundarrak.

Fisikoki oso indartsua da Xavi Sabatek gidatzen duen talde poloniarra. Bertan ari dira Niko Mindegia nafarra, David Fernandez Valladolideko jokalari ohia eta Abel Serdio pibotea. Cuetararentzat, «duela bi denboraldikoa baino talde hobea da». Dela bi urte Txapeldunen Ligan lehiatu ziren elkarren kontra. «Iazko Lauko Finalera iritsi ziren, oso indartsuak dira eta maila onenean egonda ere oso aurkari zaila izango litzateke», aitortu du. Gaurkoa irundarren maratoiko lehen partida izango da. Ondoren, beste lau neurketa berreskuratu beharko dituzte Gabonetako atsedenaldia baino lehen.