Jon ORMAZABAL
PILOTA

Azken ametsa bete ezinik

Urtarrilaren 29an jokatuko du Baikorekin azken partida Bengoetxeak, profesionaletan hogei urte bete gabe.

Azkenaldian sarri errepikatu du profesionaletan hogei urtez aritzea zela bere kirol ibilbideko azken erronka, baina amets hori bete gabe agurtu beharko du enpresa handietako ibilbidea Oinatz Bengoetxeak, Baikok bere kontratua urtarrilaz harago ez luzatzea erabaki eta gero. Hala, urtarrilaren 29an jokatuko du azken partida Baikorekin, Labriten. Hori bai, oraindik bere burua sasoiko iritzita, beste maila bateko zenbait partida jokatzeko asmoa azaldu du eta urrian, hogei urteko marka hori lortuta, galtza zuriak betiko erantziko ditu, Leitza jaioterrian.

2002ko urrian, Iruñeko Munduko Txapelketa amaitu eta gutxira egin zuen debuta Labriten –urrea jantzi zuen finalean Javier Marin Manos Locas mexikarrari irabazita, hautatzaileak Irujoren aurretik aukeratu ostean–. Ordutik, azken hemeretzi urteotan pilotazaleen pilotari maitatuenetakoa izan da bere joko eta izaera biziari esker. Urte askoan Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujorekin lehian aritu behar izan badu ere, askok nahi luketen palmaresa ere lortu du, bi aldiz izan baita Buruz Burukoan txapeldun, 2008an eta 2017an –Baikoren lehen mailako azken txapela–, behin Lau eta Erdikoan (2016) eta beste behin Binakakoan (2015). Horri esker, hiru txapela nagusiak jantzi dituen pilotarien talde murritzeko partaide da Julian Retegi, Fernando Arretxe, Juan Martinez de Irujo, Abel Barriola, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearekin. Oinatz Bengoetxearen agurrarekin, pilotaren urrezko aroaren azken kapitulua ixten dela esan genezake.

Eskertuta

Azken desioa bete ezinik, ez berak nahi lukeen gisan bederen, geratu arren, Bengoetxeak ez omen du «inori ezer leporatzeko» eta esker hitzak izan zituen atzo mundu guztiarentzat, bereziki urteotan beti alboan izan dituen «Bixente Artola, Txato, Arkaitz anaia eta Asier Garcia lehengusu eta botileroarentzat».

Bengoetxeak 1.000 partidatik gora jokatu ditu profesionaletan eta zaleei agur esateko bira bat antolatu dio Baikok, oraintsu Olaizolarekin egin bezala. Abenduaren 26an Bilbon ariko da, urtarrilaren 2an Gasteizen, 16an Donostian, 24an Tolosan eta 29an Iruñean, beretzat beti oso berezia izan den Labriten.