Asier AIESTARAN
ATHLETIC

Iñigo Martinez baikor agertu da Lezaman

Ez da komunikabideen aurrean gehiegitan agertzen, eta horregatik hartzen dute garrantzia Iñigo Martinezen adierazpenek hitz egiten duen bakoitzean. Ondarroako atzelariak prentsaurrekoa eman zuen atzo Lezaman eta taldearen balorazioa egin zuen, ia 25 minutu iraun zuen galdeketan.

Balorazioa ezin da, noski, oso positiboa izan, ikusita Athleticek zazpi partida daramatzala irabazi ezinik, baina Iñigo Martinezek lasaitasuna eskatu zuen, ziur dagoelako emaitza hobeak berandu baino lehen iritsiko direla. «Gauzak argi ditugu. Badakigu ez daudela fin, gauzak ez dira ari nahi bezala irteten azkenaldian, baina talde barruan lasai gaude eta hori da garrantzitsuena. Urduritasunak hasten diren unean gauzek okerrera egiten dute eta konfiantza izan behar dugu. Denok batera gaude honetan, eta badakigu partida eta emaitza hobeak iritsiko direla», adierazi zuen.

Bolada txar horretan, ordea, fokuak erasoko gabezietan ipinita daude, golak sartzeko ezintasun nabarmena erakusten duelako taldeak. Iñigoren esanetan, okerra litzateke errua aurrelariei bakarrik egoztea. «Badakigu aurrelariak goletik bizi direla, eta heltzen ez direnean eta aukerak huts egiten dituztela ikusten dutenean, noski, kezka hori daukatela. Baina esango nuke hemen gola sartzen digutenean zelaian gauden hamaika jokalarioi sartzen digutela, eta guk sartzen dugunean, berdin. Ez da aurrelarien lana bakarrik. Aukerak sortzen atzetik hasten gara eta aurrean amaitzen dira», aldarrikatu zuen.

Aldiz, atzean indartsu dabil taldea eta horretan paper garrantzitsua jokatzen du Iñigo Martinezek, nahiz eta aurten dagoeneko bi txartel gorri ikusi dituen. «Sentsazio onak ditut. Atzelarion kontratuan dator noizean behin txartel gorriren bat ikusteko aukera. Batzuetan norberaren akatsak dira, beste batzuetan egin beharreko faltak izaten dira, eta beti taldearentzat onena zer den pentsatuz. Lasai nago, pozik, egiten ari naizen lanarekin», amaitu zuen.