Surflari ernegatua

Ametsetan

Aspaldi, gazte ginenean, sarri galdetzen genion elkarri dirudunak izanez gero zer egingo genukeen. «Nik RKL taldea kontratatuko nuke eta soilik merezi duen jendeari utziko nioke kontzertura sartzen», esaten zuen batek, eta segituan hasten ginen zerrendatik kanpo nortzuk utziko genituzkeen amesten. «Hippyak ez», zioen batek, «pijoak ere ez», besteak, «eta heavyak?», galdetzen zuen zalantzatiak; «batzuk bai», erantzuten zion kideak... Multzoekin hasi eta izen propioekin osatzen genuen zerrenda.

Antzeko amets bat izan dut. Ez dut esango amets bat dudala, inoiz ez bainaiz Luther Kingen esaldiaren zale izan. Utopia beharrezkoa da, baina esaldi hori hankak lurretik bereizteko erabiltzen da sarri, beraz, errua ez da tiroz hil zuten eskubide zibilen aldeko bozeramaile izan zenarena, hura hil ostean bere esanak erabiltzen dituztenena baizik.

Lagun talde bat elkartu eta olatu politak dituen uharte bat erosten genuela amestu dut, errepublika bilakatzen genuela eta mundu mailan lehiatu ahal izateko ISA erakundean gure izena ematen genuela. Jarraian, gure selekzioarekin parte hartzeko eskubidea nortzuk izango luketen erabakitzen genuen eta, gaztetako eztabaida haietan bezala, berriz ere kanpo utziko genituzkeen gizataldeen eta norbanakoen zerrenda osatzen genuen.

ISAk mundu mailan lehiatzeko eskubidea ematen dien herrialdeen zerrenda ikusita, egingarria dirudi ametsak, baina ametsek amets izaten jarraitzen dute.... Artean, “gure” selekziotik kanpo utziko genituzkeen surflarien zerrenda luzatzen jarraitu dut, iratzargailuak begiak ireki dizkidan arte. Bakarrik nengoen... edo gaude? Horra amestearen alde baliagarri bakarra, esnatzean errealitatea argiago ikusten dela.