Asier AIESTARAN
ESKUBALOIA

Erregaiak iraun arte eutsi dio Bidasoak erronkari

WISLA PLOCK 33

BIDASOA-IRUN 26


Bidasoa-Irunek eztabaidarik gabeko porrota jaso zuen atzo Orlen Wisla Plock talde poloniarraren kantxan (33-26), European League lehiaketako bosgarren jardunaldiari zegokion partidan, bere garaian talde irundarrean izandako covid kasuengatik atzeratu zena hain zuzen ere.

Jacobo Cuetararen mutilek lehen zati ona jokatu zuten, batez ere lehen 20-25 minutuetan, baina hortik aurrera etxeko taldearen errekurtso amaigabeak bata bestearen atzetik azaldu ziren eta gipuzkoarrei gasolina amaitu zitzaien.

Jon Azkuek erasoan ongi gidatuta –sei gol lehen zatian oriotarrarentzat–, Bidasoak min egin zion talde poloniarrari lehen minutuetan eta aurretik ere egon zen markagailuan behin baino gehiagotan: azken aldiz 13. minutuan, 8-9.

Baina poloniarrek 5-1eko partzial batekin amaitu zuten lehen zatia, Zoltan Szita (5 gol lehen zatian) eta Tin Lucin (4 lehen zatian, 7 guztira) golegile nagusitzat hartuta. Atepean Adam Morawski ere berotzen joan zen eta azkenean etxekoak 23. minutuko 14-13tik atsedenaldiko 19-14kora joan ziren, lehen zatiko azken segundoan Szitak min egiten duen gol horietako bat sartuta, gainera.

Atsedenaldian arnasa hartu beharra zeukan Bidasoak, bigarren zatian etxekoen erritmoari eutsi eta partidan sartuta egoteko, baina talde gipuzkoarra behera etorri zen erabat. Azken egunetako neurketa eta bidaia pilaketa nabaritu zuen eta Wisla Plock jaun eta jabe izan zen, David Fernandez eta Abel Serdio ere gol festara batuta.