Idoia ERASO
BAIONA

Murgiltze eredua, Konstituzioaren kontrakoa baina baimendua

Murgiltze eredua Konstituzioaren kontrakoa izanik ere, «hezkuntza elebiduna eskaintzeko estrategia posible bat» dela erran zuen atzo Hezkuntza Ministerioak atera zuen zirkular batean. Maiatzean Kontseilu Konstituzionalak hezkuntza osorik euskaraz eskaintzen duen eredua Konstituzioarekin bat ez datorrela erabaki ondoren, ebazpena nola aplikatu behar zen zehazteko atera da zirkularra.

Zirkularrak murgiltzea onartzearen erabakia arrazoitzeko, hezkuntza sistema horri esker ikasleek bi hizkuntzak «aise» ikasten dituztela argudiatu dute. Balizkoa dela dio, ikastaldiaren bukaeran «ikasleak bi hizkuntzak era orekatuan menperatzen baditu».

Asanblea Nazional frantsesak murgiltze eredua babesten zuen “Molac legea” bozkatu ondoren, Kontseilu Konstituzionalak Konstituzioaren aurkakoa zela erabaki zuen maiatzean. Ondorioz, mobilizazio eta presio politiko eta sozial handiak izan ziren. Orain, atzo ezagututako berriarekin, hizkuntza gutxituen aldeko eragileak pozik agertu dira, baina zirkularraren mugak ere nabarmendu dituzte.

Seaskako presidente Peio Jorajuriak, zirkularrak beraien alde egin duela eta berri ona dela baieztatu bazuen ere atzokoan, antikonstituzionala izaten jarraitzen duela nabarmendu zuen: «Murgiltzea debekatua da, baina irakaskuntza elebiduna murgiltzearen sistemaren bidez baimendua da, eta guretako ondorioz ez du aldaketarik sortzen. Baina hauskorra da, ez da lege bat».

Aldaketa ekar dezake aldiz eskola publikoentzat, izan ere, murgiltze eredua bigarren hezkuntzaren bukaerara arte luza daitekeela esaten baitu zirkularrak, orain arte haur hezkuntzan soilik baimendua zelarik. Eskola publikoetako Biga Bai guraso elkarteko presidente Marie-Andree Ouretek argiki erran zuen: «Guretako berri bikaina da, ezartzen ahal da murgiltzea denean». Euskal Konfederazioa ere horrekin pozik agertu zen: «Maila apalekoa bada ere, zirkularra hor da eta aitzinamendu konkretuak ahalbidetzen ditu».

Ouretek irekitzen zaien aukera aipatu zuen: «‘Molac legean’ bada artikulu biziki inportantea, lurralde hizkuntzen hezkuntza sartzen dela eskolen ordutegi normalean. Horrek teorian erran nahi du Ipar Euskal Herriko eskola publiko guztietan badela aukera euskarazko irakaskuntza bat izateko. Hori behar da baliatu».

Kontseiluaren deliberoa ezagutu zenetik, behin eta berriz eskatu da Konstituzioa aldatzea. Horren alde agertu zen atzo berriro Paul Molac legearen aurkezle izan zen diputatua. Ouretek ere argiki babestu zuen ideia: «Konstituzioaren aldaketa baino ez da egiazko aterabidea, funtsezko borroka izanen da eta beharko da eraman bururaino».

Nahiz eta Konstituzioaren aurkakotzat joa izan, ikasturte hasieran ez zen murgiltze ereduaren kontrako ekintzarik izan. «Bagenekien Kontseilu Konstituzionalaren erabakia aplikaezina zela, hor arazo bat dago Konstituzionalarekin, Gobernua ere konturatu da. Beraz, teknikoki atzeman behar izan du konponbide bat», baieztatu zuen atzo Ikastolen Federazioko presidenteak.