Jokin Eraso eta Jesus Mari Etxarri
Orain ardura ekimeneko kideak
KOLABORAZIOA

Bazen zirku bat… AHT izenekoa

AHTa den elefante txuri handi hori une honetako zirkurik kolosalena bihurtu da. Amaitzen ez den krisi-kateatze honek kolpatutako gizartearen oinarrizko beharrizanak asetzeko erabili beharko liratekeen funts guztiak irensten ari da.

Elefante txuriaren zirku handiaren aktore nagusien artean, Bernardo Ciriza Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesioko «berritsua» nabarmentzen da, zeinak iragartzen baitigu Castejon eta Campanas «hiri jendetsuak» elkartuko direla 60 km-ko AHT TxuTxuaren bidez, Europako funtsek erreskatatua. Beste 200 milioi euro gehiago, lehen xahututakoei gehitzeko, denona den itsulapikotik lapurtuak. Lurralde bat kohesionatzeko modu polita!; Andoni Ortuzar ile-hazle saltzaile handia ere badugu, alimaleko dirutza inbertitu arren AHTa bidegorri bat besterik ez dela iragartzen diguna, baina prestidigitazio alarde batean Gasteiz eta Bilboko sarrerak lurperatzeko beste 1.600 milioi euro lortu dituena, adreiluaren negozio espekulatiboarekin jarraitu ahal izateko; era berean, Glasgowtik iritsi berri diren Maria Chivite eta Arantxa Tapia pailazoak ere baditugu, CO2 isurketarik gabeko AHT berdearekin engainatzen gaituztenak; halaber, ezin ziren falta, magiaz, eraikuntza-enpresen poltsikoak betetzeko diru-kutxa publikoak husten dituzten politikari prestidigitatzaile horiek guztiak; eta, jakina, AHTaren eta beste makro-proiektuen aurkariak isunez itotzen dituzten isun-jaurtitzaile handiak.

Baina zirkuak baditu bigarren mailako aktoreak ere, AHTaren elefante txuri handia elikatzen jarraitzera behartuta daudenak. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Osasun, Hezkuntza, pentsiodun eta langabeziako funanbulistak, etengabe soka ahuletik dabiltzanak, murrizketen amildegian; akrobata eta malabaristen segizio handia; besteak beste, gazteak, migratzaileak, etxegabetuak, arte eta kulturaren mundua, euskara, tokiko ekonomia, LGTBI+ kolektiboak… Sektore horiek guztiek malabareak egin behar izaten dituzte hilaren amaierara iristeko, aurrekontu-partida justuak lortzeko edo akrobazia fisiko eta psikikoak egin behar dituzte etxe duina eskuratzeko; halaber, baditugu emakume indartsuak, emakume langile horiek guztiak (etxetik kanpo zein barruan lan egiten dutenak), egoitzetako langileak eta, oro har, zaintzan diharduten emakumeak. Horien bizkar daude lanik astunenak, garrantzitsuenak baina gutxien aitortzen direnak. Elefante txuri handiari bizkar gainean eusten diotenetakoak dira; eta, azkenik, jauzilari handiak, ekologistak eta azpiegitura handien aurkakoak, lurraren defentsan jauzi hilgarriak egin behar dituztenak.

Zirku gehiagorik ez, mesedez! AHTaren elefante txuriaren zirku kolosal hau berehala eta behin betiko gelditzea eskatzen dugu. Funts horiek, behingoz, herritar guztientzako bizi-baldintza duinak bermatzera dedikatzea eskatzen dugu, enplegua, osasuna, irakaskuntza, pentsioak, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak eta kalitatezko zaintzak ziurtatuz. Azken batean, bizitza politikaren erdigunean jar dadila. AHTaren dirua, gastu sozialetarako!