Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Euskal eskiatzaileek garaipenak lortu dituztelehien lehen hitzorduan

Mendi Eskiko Espaniako Kopak Sierra Nevadan (Granada) izan du lehen proba. Iñigo Martinez de Albornoz,esprintean, eta Igone Campos, bertikalean, gailendu dira. Campos hirugarrena izan da esprintean.

Mendi eskiko lehien denboraldia hasi da. Eta hasi, gainera, Euskal Herritik oso urrun hasi da: Sierra Nevadan (Granada). FEDMEk antolatutako Espainiako Kopari buruz ari gatzaizkizue. Erregulartasunaren zirkuitu horrek lau hitzordu ditu, eta lehenean euskal eskiatzaileek emaitza bikainak erdietsi zituzten. Iñigo Martinez de Albornoz eta Igone Campos izan ziren protagonistak.

Asteburu luzea izan zen; izan ere, bi modalitate jokatu ziren, esprinta eta bertikala. Lehenak lehiatzen esprinteko modalitatean parte hartu zuten eskiatzaileak izan ziren. Elurraren egoerak baldintzatuta, antolatzaileek hasierako planak aldatu eta ehun lehiakideak Montebajo izeneko sektorera eraman behar izan zituzten.

Ez zituzten baldintza oso egokiak izan, besteak beste, haizeteek eskiatzaileen jardunean eragozpenak eragin zituztelako. Seniorren mailan, euskal ordezkarien lehen garaipena iritsi zen. Gizonezkoen kategorian, gogoratu behar dugu Martinez de Albornoz espezialista bikaina dela, eta lehendabiziko hitzordu horretan erakutsi zuen oso sasoiko dagoela. Finaleko zirkuituan donostiarrak 3 minutu eta 11 segundoko denbora egin zuen, podiumaren lehen kutxara igotzea lortuz. Haren atzetik, Pau Coll eta Oriol Cardona katalanak sailkatu ziren.

Emakumezkoen mailan, berriz, Ana Alonso izan zen azkarrena. Bigarren postuan Fatima de Diego sailkatu zen, eta, hirugarrenean, Campos. Irakurri bezala, euskal ordezkariek protagonismo handia izan zuten lehen egun horretan.

Bertikala

Biharamunean, berriz, eskiatzaileek bigarren modalitatean aritu ziren: bertikalean. Bezperan ez bezala, Sierra Nevadara lehiatzera bertaratu zirenek eguraldiarekin zortea izan zuten. Zeru urdina izatez gain, helmuga puntuan apenas izan zuten haizerik. Hori bai, tarte zehatz batzuetan izotza azaldu zen.

Nesken kategorian, beste behin, Camposek erakutsi zuen bertikalean bikain moldatzen dela. Eta antolatzaileek prestatutako 3,7 kilometro eta 680 metroko desnibeldun ibilbidean zumarragarra izan zen indartsuena. Camposek 37 minutu eta 10 segundo behar izan zituen helmugara heltzeko. De Diego soilik hogei segundora de sailkatu zen. Hirugarren postua Alonsorentzat izan zen.

Espainiako Kopako bigarren hitzordua urtarrilaren 22an eta 23an jokatu da.