Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

2021 denboraldia: belaunaldi berrien urtea

Amaitu berri den denboraldiari begiratuz gero, zenbait ondorio atera daitezke. Euskal Herrian, belaunaldi berri bat eratzen joan da eta neskak geroz eta indartsuago daude surfean. Bodyboard modalitatean maila egonkortzen ari da mutilen kategorian. Urrats esanguratsuak egin dira 2021. urtean.

Urtea amaitzear da eta datorren denboraldian begirada non jarri behar dugun jakiteko, komeni da errepaso azkar bat egitea. Euskal Herrian belaunaldi berri batek lekukoa hartu duela dirudi surf txapelketen eremuan eta bodyboard kategorian ere maila orokorra igotzen ari dela dirudi. Edonola ere, batean zein bestean badira kontuan hartu beharreko ahulguneak.

Mundu mailan lorpen esanguratsuak egin dituzte euskal surflariek, batez ere nesken kategorian, baina oraindik egin beharreko bide luze bat dagoela ere agerian geratu da. Mundu mailako mugimenduak erritmo geldoan gertatzen dira, baina urratsak egiten ari dira eta euskal surflariak pixkanaka gorantz doaz.

Euskal Herria eta Europa

Bodyboard modalitateak ospe handirik izan gabe jarraitzen du gurean, baina pixkanaka indarra hartzen ari da. Ordea, egoera oso bestelakoa izan da aurten mutilen eta nesken kategorian. Mutilen kategorian bada bodyboard zale multzo indartsu bat, ez dira asko, baina maila handia dute eta haien kirolak merezi duen ikusgarritasuna lortzeko lanean ari dira.

Aitzitik, gaur egun nesken presentzia bodyboard zaleen artean oso urria da. 2011. urtean munduko txapela irabazi eta 2014. urtean lehiatzeari utzi zion Eunate Agirre bizkaitarra erretiratu zenetik ez da lekukoa hartu duen lehiakide berririk etorri, eta ez dirudi nesken artean bodyboardak zale gehiago erakarri dituenik ere.

Surf kategorian justu alderantzizkoa gertatzen ari da, neskak mutilak baino indartsuago datoz, nahiz eta oraindik lehiakide gehiago izan mutilen kategorian. Mundu mailako lehiaketetan, esaterako, gehiago izan dira nesken kategorian aritu diren euskal surflariak mutilen kategorian aritutakoak baino.

Belaunaldi berri baten sendotzea ere gertatu da aurten Euskal Herrian. Junior kategorian Europa mailan lortutako emaitzak dira horren lekuko. Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak eta Adur Amatriain zarauztarrak irabazi zituzten 2021eko Europako junior tituluak. Hiru txapelketak osatzen zuten aurtengo Europako Junior Itzulia eta bi gipuzkoarrek antzeko emaitzak eskuratu zituzten; izan ere, bi lehiaketa irabazi zituzten eta hirugarrenean finalerdietara iritsi ziren.

Hemezortzi urtetik beherako kategorian aipagarria da Annette eta Janire Gonzalez-Etxabarri ahizpen jarduera; lehenak 14 urte ditu eta bigarrenak 16 urte, baina hain gazteak izanagatik ere, sekulako maila erakutsi dute iragan denboraldian.

Belaunaldi berri bat lehiatzen hasi den urtea ere izan da aurtengoa. Euskal Surfing Gazte Zirkuitua urrian amaitu zen eta txapeldunak honakoak izan ziren: Saioa Ortega eta Oxel Oregi, hamalau urtetik beherako kategorian, eta Keoni Lasa eta Bianca Tye, hemezortzi urtetik beherako kategorian.

Mundu mailan lehian

Mundu mailako lehiaketei dagokienez, azpimarragarria izan da nesken kategorian euskal surflariek egin duten denboraldia, halaber. Gurean, lau euskal herritar izan ziren hautatuak Challenger Series itzulian parte hartzeko: Garazi Sanchez algortarra, Leticia Canales sopelarra eta Pauline Ado hendaiarra nesken kategorian, eta Ruben Vitoria zarauztarra, mutilenean.

Lau txapelketako Challenger Series itzuliak aurrera egin ahala Aritz Aranburuk eta Andy Crierek ere parte hartu ahal izan zuten mutilen kategorian, eta neskenean, ostera, Nadia Erostarbe, Janire Gonzalez-Etxabarri , Juliette Lacome eta Ariane Ochoa ere jardun ziren CS itzulian. Azken horrek, gainera, hirugarren postua lortu zuen Portugalen egin zen CS itzuliko bigarren txapelketan.

Aipatzekoa da Pauline Ado eta Ariane Ochoa lehen mailara igotzeko zorian izan zirela. Hendaiarra 13. postuan geratu zen CS itzuliaren amaieran, lehen mailara igotzeko sei postutara; izan ere, lehen sei lehiakideen artean Carissa Moore zegoen, 2021eko WCT zirkuituko txapelduna, beraz lehen sei lehiakideak hautatu ordez, lehen zazpi lehiakideak hartu ziren kontuan. Ondorioz, Ochoa lehen mailara igotzeko zazpi postuko distantzia laburrera geratu zen, 14. postuan amaitu baitzuen CS itzulia.

Mundu mailan postu esanguratsu bat lortu zuen beste euskal surflaria Axi Munian izan zen, WSL erakundeak antolatzen dituen olatu handietako Tow-in txapelketan parte hartzera gonbidatu baitzuten. Portugalgo Nazare urautsi famatuan, olatu handietako munduko 18 surflari onenetakoak lehiatu ziren eta zarauztarrak seigarren egin zuen.