Asier AIESTARAN
PILOTA

Benetako txapelketa hasi da

Bezperakoak bezalaxe, neurketa luze eta gogorra izan zen Bilbokoa, eta sufrimendu horretan hobeto moldatu ziren Altuna eta Martija.

ALTUNA-MARTIJA 22

PEÑA-ALBISU 19


Altuna III.ak eta Martijak ligaxkako hirugarren puntua batu zuten atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Peña II.a eta Albisuri neurketa oso gogorra 22-19 irabazita. Guztira 683 pilotakada izan ziren, 77 minutuko norgehiagoka, beste behin ere sendotasun handiagoa erakutsi zuen bikoteak eraman zuena.

Markagailuan gorabehera askoko neurketa izan zen, jokoan ipinitako materialaren arabera itxuraldatzen joan zena. Altuna eta Martija, esaterako, 4-0 aurreratu ziren markagailuan, urdinen hasiera nahiko tamalgarria izan zelako. Baina hortik aurrera, demaren erdialdera arte, Peña eta Albisu nahiko argi gailendu ziren piloteoan.

Jon Ander Albisuren agintea ez zen beste batzuetan bezain nabarmena izan, Julen Martijak ere aurreko partida batzuetan baino maila hobea eskaini zuelako ziurrenik, baina lehen erdian aukera oso onak sortu zizkion Peñari. Markagailuan 8-11 aurreratu zirenerako, adibidez, Tolosako aurrelariak zortzi tanto zituen jokoan eginak.

Eta aukerak sortu bakarrik ez, Albisuk berak ere tanto ikusgarriak egin zituen atzera jota: 7-8koan eta 11-13koan pilota garbi-garbi sartu zuen errebotean ataundarrak, nahiz eta oro har ez diren batere pilota biziak ikusi atzo Bilbon.

Baina lehen atsedenaldi luzetik itzultzean jada partidaren nondik norakoa aldatzen hasia zen. Gorriek ikusten zuten pilota motelarekin arazo gehiago zituztela aurkariek, eta horretan saiatu ziren buru-belarri. Tantoak gogortuz, aurkarien hutsak bilatuz, neurketa asko luzatzen joan zen eta testuinguru horretan Aspeko bikotea askoz hobeto moldatu zen.

Sei tanto jarraian eginez, gorriak 17-13 aurreratu ziren, eta 19-14koan lortu zuten neurketa osoko errenta handiena, bost tantoko aldea. Jokin Altunaren une onenak izan ziren. Amezketarra gogotsu aritu zen, aurreko astean Urdulizen utzitako irudi txarra ahazteko asmoz, eta lortu zuen, bai horixe. Bederatzi tanto egin zituen jokoan, beste bi sakez (nahiz eta eramateko modukoak izan) eta pilota bakarra galdu zuen, horixe gakoetako bat.

Urdinek bazekiten atzokoa puntu benetan garrantzitsua zela: irabaziz gero aurkariekin bina puntura berdintzeko aukera zuten; galduz gero puntu bakarrarekin geldituko ziren, bi garaipeneko tartearekin atzeratuta gainera. Eta horregatik egin zuten azken saiakera. 98 pilotakadako tanto amaigabe bati esker berreskuratu zuten sakea 19-15ekoan, eta beste bi tanto eginda 19-17 hurbildu ziren. Eta azken txanpan, 21-19an, berriz ere bi tantora ipini ziren Peñaren jokaldi eder batekin.

Baina gorriek ez zuten barkatu eta Altunak erdi suertez errestoarekin egin zuen azken 22-19koa. «Sekulako paliza izan da, baina bagenekien puntua oso garrantzitsua zela eta beste ordu erdi jarraitzeko prest geunden», aipatu zuen amezketarrak partida amaieran. «Hiru partida jarraian galtzea kolpea litzateke, eta horregatik garrantzia du garaipenak», gaineratu zuen.

Fisikoki ongi dagoela ere argitu du. «Eskuak ongi dauzkat, baina entrenatu gabe egoten zarenean airez sartzeko-eta gehiago kostatzen zaizu. Hala ere, pozik geratu naiz egindako lanarekin, eta baita Julenek egindakoarekin ere. Oso hobetuta ikusi dut gaur», aztertu zuen Altuna III.ak.

Omenaldi polita Oinatzi

Oinatz Bengoetxea hasi da bere agurreko birarekin, eta atzo jaialdiko lehen partidan bere azkena jokatu zuen Bilbon. Bizkaiko zaleei agur esateko modua izan zen, eta pilotalekura hurbildu zirenek sekulako txalo zaparradarekin agurtu zuten.

Arangurenekin jokatuz, 22-19 irabazi zuen Artola eta Aretxabaletaren aurka 6-14 galtzen joan zen neurketa. Azken txanpan bera izan zen tanto ikusgarrienak sinatu zituena eta, behin partida amaituta, omenaldi txiki baina polita jaso zuen. Iñaki Artolak berak bota zizkion bi bertso hunkigarri, eta Leitzako aurrelaria oso eskertuta agertu zen Bizkaian beti oso maitatua sentitu dela aipatuz.