A. G.
IGERIKETA

Hugo Gonzalez eta Simona Kubova garaile Ordiziako Txapelketan

Ordiziako Majori igerilekuan egin zen atzo ohiko bilakatu den Gabonetako Igeriketa Txapelketa. Covid-19a dela eta, goizean sailkatu ez ziren igerilariak izan ziren finaletan harmailetan elkarturiko ikusle bakarrak, eta jakina zen bezala, nahi baino izen propio gutxiago bildu ziren.

Alabaina, maila aparta eman zuten bildu zirenek, eta hala, Hugo Gonzalez de Oliveira Mallorcakoa eta Txekiar Errepublikako Simona Kubova nagusitu ziren, hurrenez hurren, gizonen eta emakumeen lehiaketetan. Biek ala biek bina final irabazi zituzten, eta garaipenetako batean, txapelketako errekorra hautsi ere bai gainera.

Errekorrik ikusgarriena Hugo Gonzalezek 200 metro estiloetan egin zuen; 1:53.88 denborarekin, aurrez ezarrita zegoen errekorra bost segundotan bota zuen. Bigarren urtez jarraian gizonen artean txapeldun izan zen 892 puntu pilatuta. Matteo Milli italiarra izan zen bigarren 813 punturekin, eta Alejandro Calderon espainiarra hirugarren, 754 puntu pilatuta.

Emakumeen maila bikaina

Berdintasuna eta maila polita, hala ere, emakumeen artean nabarmendu zen. Oro har, puntuazio hobea lortu zuten gizonek baino, Hugo Gonzalezen balentria salbu.

Hala, Simona Kubova txekiarrak 50 metro bizkar estiloan Ordiziako errekorra egin zuen 27.04 segundotan eta 848 puntu pilatu zituen. Francesca Fangio italiarra izan zen bigarren, 100 metro bularreko proban errekorra egin eta 826 punturekin. Hirugarren, Jessica Lidon espainiarra izan zen, 100 metro libreetako proba irabazita –bere markarik onenetik gertu– eta orotara, 823 puntu batu ondoren.