Ane URKIRI ANSOLA
ALAVES

Mendilibarren lana, «jokalariei nola jokatu behar duten sinetsaraztea»

Zaldibarkoaren ustez «jokalari eta baliabide egokiak» ditu Gasteizen bere jokatzeko modua ezarri eta Lehen Mailari eustea lortzeko.

Futbolaren «gutizia», «kapritxoa» edo auskalo zer den, baina Jose Luis Mendilibarrek zale den Realaren aurka jokatuz egingo du debuta Alavesekin. Txantxarako tartea ere hartu zuen Zaldibarkoak atzo, talde arabarreko entrenatzaile berri gisa aurkezten ari zirela. Eduardo Galeano idazlearen esaldi famatua bere egin zuen, Realaren aurkako igandeko partidaren atarian: «Umetan talde bat aukeratzen duzu eta, gerora, autoz alda daiteke, baita emakumez ere... baina taldez aldatzea zaila da».

Talde donostiarreko zale dela aitortuta, Alavesera «munduko gogo guztiarekin» iritsi dela nabarmendu zuen. Gasteizkoa «talde handia» dela uste du eta, hori arrazoitzeko, «azken urteetan futbolaren gailurrean» dela nabarmendu zuen.

Helburua zein den argi dauka Zaldibarkoak, eta hori, jakina, Lehen Mailari eustea da. Gainera, horretarako «jokalari eta baliabide egokiak» dituela uste du. Helburua lortzeko gakoa zein izango den ere argi du: «jokalariei taldeak nola jokatu behar duen sinetsaraztea». Izan ere, «horrek emaitza onak ekarriko dizkigu». Jokatzeko modu berria lehenbailehen barneratu beharko dute, beraz, babazorroek.

«Gaur [atzo] atzo [herenegun] baino gusturago bukatu dut entrenamendua eta hori seinale ona da», gaineratu zuen Mendilibarrek. «Gaur [atzo] gogor entrenatzeko eta jendea konbentzitzeko bigarren eguna izan dugu, jokalariei sinetsarazteko egoera honetatik atera daitekeela. Hori da gure lanaren zati bat», adierazi zuen.

Jokatzeko modu berriaren oinarria partiduaren zati handiena arerioaren zelaian jokatzea izango da. Era berean, Alaves talde oldarkorra izatea nahi du Zaldibarkoak; defendatzekoak baino erasoko uneak gailentzea, alegia. «Ideia bat duzu, eta jokalariak ideia horretara egokitzen saiatzen zara. Ikusi behar dut benetan sinesten duten egiten dugun horretan», esan zuen.

Neguko merkatua

Urtarrilean hasiko den neguko merkatuari buruz galdetuta, adierazi zuen zuzendaritza taldea beti dagoela prest fitxatzeko, baina, fitxatuz gero, «jokalariren batek irten beharko duen aukera» hor dagoela ere nabarmendu zuen.

Jose Luis Mendilibarren aurkezpenean presente egon ziren Alaveseko presidente Alfonso Fernandez de Troconiz eta kirol zuzendari Sergio Fernandez. Beraien aurrean aitortu zuen Zaldibarkoak duela urte batzuk ere Alaves bera fitxatzen saiatu zela, baina une horretan ezin izan zela asmo hori gauzatu. Horregatik, orain Gasteizera iritsi ahal izateagatik «eskertuta» sentitzen zela aitortu zuen. Baiezkoa emateko bi bider ez zuela pentsatu behar izan ere gaineratu zuen: «Klubak ni fitxatzeko erakutsitako interesagatik eta nik etortzeko nuen gogoagatik».

Sergio Fernandezek, bestalde, egun taldea osatzen duten jokalarien aldeko mezua zabaldu nahi izan zuen. «Taldea hobetzeko aukerak ikusten baditugu, adi egongo gara, noski. Baina talde honek erakutsi du zein maila eman dezakeen, emaitza onak pilatu ditu talde handien aurka, eta futbol gustagarria eginez». Bere iritziz, taldeari «ilusioa eta konfiantza» berreskuratzea falta zaio.

Taldeak «joko gustagarria» eta «maila ona» erakutsi baldin baditu, Javier Calleja kaleratzeko erabakia bera zalantzan jar badaiteke ere, Sergio Fernandezek argudiatu zuenez, futbolean emaitzek balio dute eta «akatsik handiena erabaki zehatz batzuk ez hartzea» litzateke. Entrenatzaile bat kanporatzea inoiz ez dela «atsegina» ziurtatu zuen eta gehitu zuen alde guztiekin «errespetuz jokatzen» saiatu direla. Azken bost urteetan hamar entrenatzaile izan ditu dagoeneko Alavesek eta, afera horri buruz galdetuta, «berez inperfektua den industriaren emaitza» dela esan zuen.

Alfonso Fernandez de Troconiz presidenteak, aldiz, Mendilibar Alaveseko entrenatzaile izatea «ohorea» dela adierazi zuen. Denboraldi amaiera arte sinatu badu ere, Gasteizen «denbora gehiago jarraitzea» espero du.