Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA

Ezkurdia-Tolosak kozinatu; Elezkano-Zabaletak irentsi

Egungo txapeldunak, 13-14kora arte sufritu badute ere, bigarren erditik aurrera jaun eta jabe izan dira.

EZKURDIA-TOLOSA 16

ELEZKANO II-ZABALETA 22


Gatzez eta piperrez aberastu zuten atzoko Labrit pilotalekuko partida Ezkurdiak eta Tolosak, berau estrategikoki oso ongi prestatu zutela erakutsiz. Ondorioz, partidaren aurreneko atsedenaldira arte bikote gorria aurretik ibili zen beti, batez ere Arbizuko aurrelariaren ekimenez. Alabaina, gorriek kozinatu zutena azken buruan urdinek irentsi zuten.

Izan ere, Elezkano II.ak eta Zabaletak, erasoan ez ezik, defentsan ere errekurtso mordoa dutela erakutsi zuten. Sufritzen jakin zuten hala egokitu zitzaienean, eta 13-14koan aurretik jarri zirenetik azkenera jaun eta jabe izan ziren Labriten. Zaratamoko aurrelariak 10 tanto amaitu zituen, Zabaletaren bikotekidea baino zerbait gehiago ere badela erakutsiz. Zabaletak berak, nahiz eta sei pilota galdu, sekulakoak astindu zituen; batik bat, partidaren azken aldera, eta, horrez gain, zabaleko puntan dejada zoragarria eginda eman zion amaiera neurketari.

Hala, Binakako Txapelketako ligaxkako bigarren itzulia hasi delarik, zazpi garaipenekin lidergoa berretsi zuen egungo bikote txapeldunak. Aldiz, Ezkurdiak eta Xabi Tolosak azken postuan jarraitzen dute, zortzi jardunaldiren ondoren garaipen bakarra pilatu eta gero.

Aurkia eta ifrentzua

Partidako aurreneko tantoetan Zabaleta ez zen txukunegi aritu. Behar baino pilota gehiago galdu zituen, baita errazegi dejada bota ere. Bestalde, Ezkurdiak ezartzen zuen erritmoa eta Elezkano oso nekez baino ez zen sartzen jokoan. Ondorioz, hiru tantoko aldea ere ireki zuten gorriek aurreneko zatian.

Baina urdinak jokatzeko zeuden eta, uste baino gehiago sufritzea tokatu arren, ez zioten lanari muzin egin. Esan gabe doa Zabaleta gero eta zentratuago jokatzen hasi zela baina, horrez gain, bere aurrelariak ere aukerako pilotak errematatu baino askoz gehiago egin zuen. Hala ere, aurreneko atsedenaldi luzera gorriak iritsi ziren aurretik: 12-11.

Urdinak 13-14an aurreratu ziren, eta 13-18raino ihes egin. Ezkurdiaren bitartez, 16-18raino hurbildu zen bikote gorria, baina ordurako, Labriteko partida behar bezala kozinaturik zegoela ikusita, txapeldunen mahaian beste gonbidaturik ez zela kabitzen erabaki zuten Elezkanok eta Zabaletak. Hala, azken tantoetan maila aparta erakutsita, zu

Erkiaga, buruz buruko zesta txapeldun

Berriatuko Mendibarren pilotalekuan jokatu zen ostiral gauean Buruz Buruko Zesta Punta Txapelketa, eta Aritz Erkiaga Ispasterko semea nagusitu zen, Imanol Lopez zumaiarrari aurreneko bi setak irabazi eta gero. Harrokeriarik gabe, hori bai, 11-12 eta 9-12 irabazi baitzuen.

Berriatuko finala Lopezen haserreagatik gogoratuko da, batik bat. Gipuzkoarra 11-7 aurreratu zen aurreneko setean eta 11-12 galdu zuen amaiera polemiko baten ostean. Izan ere, Erkiagaren errematea txapa noiz joko geratu omen zen; are gehiago, aurreko epaileak txartzat jo zuen bizkaitarraren errematea, baina epaile nagusiak ontzat jo eta bere ikuspuntua ezarri zuen.

Bigarren setean gauzak ez ziren horren estu joan. Imanol Lopez 4-2 aurreratu arren, Erkiagak ekimena hartu zuen, zumaiarra ahalegindu bazen ere, eta 9-12 nagusitu zen Erkiaga azkenean.

Epaileen erabakiekin haserre, Imanol Lopez ez zen sari banaketara atera. A. G.