Maider IANTZI GOIENETXE
ESKOLARA BUELTA

BAJEKIN, BAINA IRRIA ERE KUTSATU NAHIAN

COVIDAREN SEIGARREN OLATU BETEAN, EZ ZEN ERRAZA IZAN ATZO ESKOLETAKO ITZULERA. ARABA, BIZKAI ETA GIPUZKOAN 800 LANGILE ZEUDEN BAJAN, NAFARROAN 400ETIK GORA. ETXEALDIAN ZEUDEN IKASLEAK ERE EZ ZIREN GUTXI. JENDARTEAN GERTATU DEN BEZALA, BILAKAERA POSITIBOAGO BAT ESPERO ZEN ETA GOGORRA IZATEN ARI DA. ELKAR ZAINTZEA DUTE LEHENTASUN.

«Zer moduz»-ka eman zuten goiza ikastetxeetan. Nafarroan eta EAEko zentro batzuetan atzo itzuli ziren Eguberrietako oporretatik. Bertze eskola batzuetan ostiralean izan zuten buelta. Azaldu zigutenez, hezkuntzako egoera «korapilatsua» da. Adibidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 800 langile zeuden bajan; Nafarroan, 400etik goiti. Kasu aunitzetan, ez zekiten noiz betetzen ahalko dituzten hutsune horiek. Bitartean, ahal duten bezala moldatzen ari dira.

Jendartean bezala, ikasturte hasieran bertze aurreikuspen bat zuten. Txertoa zabaltzearekin batera, bilakaera hobea espero zuten, eta psikologikoki kolpe handia izan da. Halere, «jendea pozik, gogotsu» agertu zen eskolara, «baikor». Eta «eskertzekoa da, indar hori beharrezkoa izango delako». Hala agertu ziguten Orereta Ikastolan. «Ahal dela irribarre bat atera eta hori ere kutsatzeko» gogoz daudela adierazi zuten. «Animoak behean daude orokorrean, eta denen artean egin behar dugu aurrera».

Ideia hori elkarrizketaz elkarrizketa errepikatu zen. Hala mintzatu ziren, esaterako, Sortzen elkartekoak: «Egoera oso larria bizi izan dugu pandemiarekin, baina jendea animatu nahi dugu burua altxatzera, ateratzera, elkarrekin gauza txikiak egiteko aukera probestera. Bizitzen jarraitu behar dugu, sortzen, kultura eta euskara zaintzen, erlazioak mimatzen».

Aramaioko Eskolan irakasle guztiak hasi ziren lanean, eta ikasle positibo bakarra zuten. Kontaktu zuzenak direlako konfinatuta zeuden bertze zazpi ikasle. Orain arte ez dute positiborik izan, kontaktu zuzenagatik konfinatuak bai, baina beti tarteka. Esplikatu zigutenez, antzeko neurriekin jarraituko dute. 105 ikasle eta 15 irakasleko eskola txikia dira eta hori abantaila da antolatu eta egokitzeko. Aireztapen ona dute, eta garbitasun neurriak zorrozten jarraitzen dute.

Animo aldetik ez da erraza, batez ere ezjakintasunagatik. «Ez dakigu bihar nola egongo garen. Onartu behar dugu egun batetik bestera egoera erabat alda daitekeela, hori izan behar dela gure bizimodua. Ez gaude atsekabetuta; kanpoan zer gertatzen den begiratzen ari gara. Momentuz ikastetxean ez da islatzen kanpokoa, baina badakigu egoera alda daitekeela. Denok daukagu harremana, eta kutsatu behar bagara askoz errazago kutsatuko gara, anai-arrebak eta lehengusuak garelako. Nahiz eta eskolan neurriak ezarri, kanpoko familia eta harreman soziala beste bat da».

Zalantza franko dituzte, ez dakite, adibidez, irakasleen bajak nola kudeatu behar diren. «Osakidetzarekin harreman ona dugu, baina zalantzak ditugu. Irakasle bat positiboa bada antigeno proban, horrek balio du? Ala Osakidetzaren testean positibo izan arte itxaron behar dugu? Halakoak ez daude idatzita».

Beharrezko geldialdia

Oreretako Ikastola 1.500 ikasle eta 120 irakasleko ikastetxe handia da. Bertan, abiapuntua ez zen ona. Azaro hasierara arte ia ez zuten kasurik, baina bat-batean pila bat agertu ziren eta goraka joan zen olatua, abenduan 250 ikasle konfinatzeraino.

Gabonen ondoren, hamar irakasle zeuden etxealdian. Ikasleen artean, Batxilergoan 13 eta beste etapetan 40 inguru. «Behar genuen geldialdi hau», adierazi zuten oporrez. «Ikasturte hasieran beste aurreikuspen bat genuen, eta planak egiten hasiak ginen: irteerak, 2023rako antolatuko dugun Kilometroak jaiaren inguruko gauzak… Berriro atzera egitea gogorra izan da».

Kudeaketan, erantzunik gabe aurkitu dira sarri. «Etxealdiko zazpi egunak pasata, gurasoak zer egin ez zekitela etorri zaizkigunean erabakiak guk hartu ditugu Osasun Sailaren ordez. Bakoitzak bere beldurrak ditu. Urte bukaera gogorra izan da».

Ikastolan kanpo espazio zabalak dituzte, balkoiak, baso eskola... eta hori lagungarri dute.

Anartz Muxika zuzendariak honako irakurketa egin zuen: «Onartu behar dugu ez garela birusa jarraitzeko gai izan. Estrategia aldaketa bat behar genuen kudeaketan, protokoloan, erantzuna ez zelako inorentzat egokia. Hau ote den egokiena ez dakit, ea asmatzen dugun».

Dimako Eskolan telefonoa jo eta jo aritu zen goiz osoan. Eskola txikia da, 123 ikasle eta 15 irakaslekoa. Bueltan bi irakasle izan zituzten faltan eta ez zuten lortu ordezkatzea. Kontatu zigutenez, aplikazio baten bidez eskatzen dituzte ordezkoak, baina hain doaz atzeratuta ezin dituztela behar den abiaduran lortu. «Telefonoz eskatzen zenean, zuzenagoa zen. Aplikazioarekin ez dakizu eskaera jaso duten ere. Bi gela tutore barik ditugu, eta hiru egun egon gaitezke horrela. Bitartean zer?».

«Itzela da horrek eragiten duena», zentro txiki batean langileak ez daudelako sobera. Era berean, arauen arabera gelaka banatu behar dutenez, ezin dira moldatu irakasle batek bi ikasle talde hartuta.

Jantokian berdin. Burbuilak gelaka izateko agindu horrekin, «asko konplikatzen da». «Haurrak patioan olgetan dabiltzala, nork esango die bakoitza bere burbuilan egoteko?».

Horretaz gain, lankideen erdiek behintzat konfinatuta eman dituzte Gabonak. «Hala itzuli gara, berriro hastera, ez dakigu zer. Jarrera positiboarekin gaude, baina estres handia da. Ez dakigulako zelan jokatu behar dugun, beti aldaketan gaudelako. Familia bat gara, eta aurrera jotzen dugu, baina ez da erraza».

Ikasleak «pozik, euren artean egoteko gogoarekin etorri dira. Asko eta asko konfinatuta egon dira oporretan, 16 bat bai. Horrek dakarren guztiarekin. Berrietan oso polito esaten da online lan egiten dela, baina familia bakoitzaren egoera desberdina da eta behar duena eskaini behar diozu. ‘Tetris’ bat da. Umoretsu hartu eta aurrera».

Lehen klaustroan, lehentasuna familiekin kontaktuan jartzea dela adostu zuten. «Bakoitzari hemen gaudela esan eta behar dutena eskaintzea».

Berako Ricardo Baroja eskolan, irakasle bakarra zuten bajan covidagatik. Ordezkoa bazuten jada baja hori betetzeko. Ikasle gutxi batzuk etxean zeuden, baina oporren aitzinetik baino dezente gutxiago. Goiz erdian jaso zuten Nafarroako Gobernuaren protokoloa. Ordura arte prentsan ateratakoa zekiten. Ez zuten nobedade handirik ikusi eta antzeko neurriekin segitu zuten.