Dabid LAZKANOITURBURU

Aberriaren aitarengandik aldendu da Kazakhstango presidentea

Kasim-Yomart Tokaiev Kazakhstango presidenteak bere mentorea izan zen Nursultan Nazarbaiev agintari historikoaren aurka gogor egin du lehen aldiz, Asia erdialdeko herrialdea astindu duen matxinadaren ondoren. Aberatsen kasta eratzea leporatu dio. Baina berak kasta horretan izan duen paperari buruz ez du tutik ere esan.

Kasim-Yomart Tokaiev Kazakhstango presidenteak Nursultan Nazarbaiev bere aurrekoa gogor kritikatu zuen eta hidrokarburoetan aberatsa den herrialdea eta bertako herritarrak menderatzen duten «aberatsen kasta» bat eratu izana leporatu dio.

Petrolio gas likidotuaren prezioaren igoeraren aurkako matxinadak eztanda egin zuenetik, Tokaiev Kazakhstango egungo presidenteak Nazarbaiev presidente ohiaren aurka jo duen lehen aldia da.

«Lehen presidentearen eraginez, Elbasyren (‘herrialdearen agintaria’) eraginez, herrialdean sozietate zeharo errentagarriz eta jende oso aberatsez osatutako kasta bat sortu zen. Bada garaia Kazakhstango herriari dagokiona ordaintzeko», agindu du Tokaiev presidenteak.

Izan ere, Nursultan («sultan distiratsua») Nazarbaieven alabek, suhiek eta gertukoek Asia erdialdeko ekonomiaren sektore garrantzitsuenak kontrolpean dituzte.

BBCk 2020an kaleratu zuen ikerketaren arabera, Nazarbaieven alaba Dariga Nazarbaieven eta haren biloba den Naruli Aliyeven izenean 80 milioi libera esterlina (96 milioi euro) balio duten hiru luxuzko etxe ditu Londresen.

Gainera, Kataluniako Gironan dagoen Lloret de Mar-en sekulako finkatzarra du, 3.200 metro karratu dituena eta Mediterraneoari begira dagoen Can Juncadella gune naturalean. Luxuzko etxeak 17 gela ditu, 25 komun, bi sauna, diskoteka, igerilekua, ile-apaindegia eta zinema gela, besteak beste.

Garaiko agintari komunista

Nursultan Nazarbaiev garaiko Kazakhstango Sobietar Errepublika Sozialistaren lehen ministroa izan zen, bertako alderdi komunistaren buruzagi bezala.

Sobietar Batasuna desegin zenean eta Kazakhstanek independentzia lortu zuenean, boterean jarraitu zuen, Asia Erdialdeko gainerako errepubliketan bezala, eta 29 urte luzetan presidente izan zen.

2019an kargua utzi zuen eta lekukoa bere delfina zen Tokaievi pasatu zion. Hori bai, aginteari estu lotuta jarraitu zuen, Nazio Segurtasun Kontseilu berriaren presidente kargua eskuratuta.

Badirudi Tokaievek bere aholkulari zenaren besarkadatik aldentzeko aprobetxatu duela Nazarbaieven estatuak suntsitzeari ekin zion matxinada.

Nazarbaieven omenez Nursultan izenarekin bataiatu zuten hiriburuari lehengo izenak itzuli dizkiote: Astana edo Agmola izenak, hain zuzen ere.

San Petersburgora abenduaren 27an joan zenetik hona ez du agerraldi publikorik egin Nazarbaievek. Batzuek Londresen dagoela diote, beste batzuek Abu Dhabin babesa lortu duela ziurtatzen dute. Haren gertukoek Nursultanen, hobeto esanda Astanan, dagoela diote.

Bide batez, Nazarbaieven ingurukoen artean garbiketa egiten ari da Gobernua. Karim Massimov orain arte Zerbitzu Sekretuen agintaria atxilotuta dago eta haren gertukoak kargutik bota dituzte.

Tokaiev presidenteak gogor kritikatu ditu Segurtasun aparatuko hainbat agintari. «Denek ez zituzten eginkizunak bete. Hainbat hiritan, nahiz eta nahikoa arma izan, egoitzak utzi zituzten borroka egin gabe, armak eta dokumentazio sekretuak bertan utziaz», gaineratu du.

Ildo horretan, Kazakhstango hiriburu ekonomikoa eta populatuena den Almatyren kontrola galtzekotan egon zirela onartu du eta Errusiak bidali zituen soldaduei esker berreskuratu ahal izan dutela gaineratu du. Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundeko tropak (sei herrialde sobietar ohik osatzen duten aliantza militarra) bi egunetan Kazakhstanetik ateratzen hasiko direla ziurtatu du Tokaievek.

Presidenteak argitu ez duena zera da, bera Nazarbaieven gertu-gertukoa izanda, «aberatsen kastaren» eratze horretan izan zuen papera, eta berak lortu zituen irabaziak.

Ez da azken hori argitzeko duen afera bakarra. Matxinada ustez «erasoaldi terrorista» nola demontre bihurtu zen frogarik ez du aurkeztu oraindik. Hori bai, ikerketa amaitzean nazioarteari frogak erakutsiko dizkiola ziurtatu du.