GARA
Londres

«Partygate» eskandaluak Johnsonen bukaera denbora kontua bihurtu du

Downing Streeteko parranden eskandaluak egunetik egunera puzten segitzen du. Herritarrei itxialdia ezartzen zitzaien bitartean, alkohola eta deskontrola ohikoak ziren gobernuaren egoitzan, baita erreginaren senarra hil ondoren ere. Johnsonen erorketa ate joka da.

Kostata baina covid-19a ez hedatzeko denak bidali zituen etxera Britainia Handiko lehen ministroak. Itxialdia agindu zuen: bilerarik ez, ekitaldi publikorik ez, ez kaleko edanik ezta garagardo pintarik ere ez. Enpresa, antolakunde eta pub gehienek jarraitu zuten agindua. Denek? Salbuespen nabarmen bat izan zen: Downing Streeteko 10. zenbakia, Boris Johnsonen etxea.

Dagoeneko hamalau parrandaren berri ematen dute Erresuma Batuko komunikabideak. Bakoitzak bere edaria eramanez, festa desenfrenatuan guztiak. Han ez zegoen kontzientziarik; ez diziplinarena, ez ardurarena ezta gutxieneko enpatiarena ere. Familiek covidak hildakoak agurtzerik ez zutenean edo Isabel II.a erreginaren senarraren, Philip printzearen, hiletaren bezperan ere, Downing Streeten parranda giroa zen nagusi.

Alarma toryen artean

Boris Johnson barregarri nazional huts bilakatu da. Eskandalua eta erridikulua telebistetako txiste bihurtu dira, ia kate guztietan; jendea oso haserre dabil, eta toryak oso kezkatuta. Lehen ministroak herrialdeari errespetua galdu ziola jakin da eta orain inoizko onarpen maila baxuena du, politikoki hilgarria den faktorea bilakatu da.

Egunak joan eta egunak etorri, zurrunbiloak indartzen jarraitzen du. Egunero ematen dira ezagutzera parranda berriak, eta gero betiko errituala dator: hasieran ukatu egiten dira, gero onartu, eta, azkenean, publikoki barkamenak eskatzeko plantak egin behar dira, baita Isabel II.ari berari ere. Zurrunbiloak egoera zailean utzi du Alderdi Kontserbadorea, boto emaileek milaka mezu eta kexu helarazi baitituzte, eta, aspaldian ezinezkoa zirudiena, inkesta batzuen arabera, jada gertatu baita: Alderdi Laboristak aise hartu die aurre kontserbadoreei.

Dagoeneko jakina da Boris Johnsonek legeak hautsi eta gezurrak esan zituela. Denbora irabaz dezake, «Partygate» eskandaluaren inguruan Sue Grayk agindutako txosten independentea heldu arte itxaron dezake, baina toryek ere badakite aro bat bukatu dela. Badakite boto emaileek bizkarra eman diotela Johnsoni eta erdiek baino gehiagok botoa kendu diotela. Kezkatuta, oso kezkatuta egoteko arrazoiak ez zaizkie falta toryei, bereziki Johnsonek Isabel II.a erreginari berari erakutsitako errespetu faltagatik.

Denbora kontua da. Zepo batean harrapatuta dago animalia politikoa, bueltak eman eta askatu nahian. Eta, herritarrak, bitartean, espektakulua ikusten. Guztia nola bukatuko den badakite jada. Agian oraindik ez noiz, baina bai nola. Toryek, analistek, eta baita herritarrek ere.