Arnaitz GORRITI
PILOTA - BINAKAKO TXAPELKETA

Altuna eta Martija, Elezkano eta Zabaletari neurria hartuta

Aurreneko itzulian irabazi zieten egungo txapeldunei eta Labriten ere nagusi izan dira, 4-8 galtzen egotetik 16-2ko partziala lortzera igaro ostean. Elezkano saiatu da markagailuari buelta ematen baina, era berean, Zabaleta izan da bere mailan okerren aritu dena.

ALTUNA III-MARTIJA 22

ELEZKANO II-ZABALETA 13


Itxura batean, Jokin Altunak eta Julen Martijak neurria hartu diete Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaletari. Aurreneko itzulian 22-17 irabazi zieten eta atzo Labriten jaun eta jabe izan ziren egungo txapeldunen aurka.

Normalean Elezkano II.ak eta Zabaletak egin ohi duten moduan, atzetik aurrera, partidaren bigarren herenetik aurrera gorantz eginda nagusitu zen bikote gorria. Hasiera batean Zabaleta nagusi izan zen, eta Elezkanok erremate politak eginda 4-8 aurreratu ziren. Alabaina, urdinek ez zuten patxadarik sekula ere galdu, eta 4-8 horri ikusgarri eman zioten buelta, 16-2ko partziala lortuta partida mila puskatan apurtuz.

«Oso zentratuta ekin diogu eta atzetik hasi arren, sentsazioak ez ziren txarrak. Pilota aldatu dugu eta han aldea hartu dugu. Atzean sendo aritu naiz eta bikain aritu da Jokin aurrean», laburbildu zuen Julen Martijak. Etxeberriko atzelariak, batez ere partidaren bigarren herenetik aurrera, uste baino gehiagotan erakutsi zion bizkarra Zabaletari. Azken honek, aldiz, asko sufritu zuen Jokin Altunaren keinuekin eta Elezkanok azken aldera tanto zailak eta politak lortu arren, txapa nahi baino gehiagotan jo zuen.

Puntu bakarrera

Atzoko partida galdu arren –joan den asteburuan galdu zutena ere ahaztu gabe–, Binakako Txapelketaren lidergoan jarraitzen dute Elezkano II.ak eta Zabaletak, baina ez direla garaiezinak erakutsi zuten. Aldiz, atzoko garaipenaren ostean, liderrengandik puntu bakarrera hurbildu dira Altuna eta Martija.

«Konfiantza hartzeko ikaragarri ongi datorkigu garaipen hau», gaineratu zuen Julen Martijak berak. Ados azaldu zen Jokin Altuna bere atzelariaren analisi horrekin.

«Partida serioa egin dugu biok, hasieran eurek aginduagatik. Ez dugu oparirik egin eta partidak aurrera egin ahala, bere mailatik behera aritu da Zabaleta. Nik uste aurretik jarri garenean partidatik atera egin dela Jose Javier. Baina bagenekien sakea hartuz gero beraiei min ematea bagenuela, eta gu ongi gaudelarik, Juleni eta niri tantoa sartzea ez da hain erraza», gaineratu zuen Amezketako aurrelariak, pozarren atzoko «sentsazio» onekin.