Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EMAKUMEEN ENDESA LIGA

IDK Euskotren, gasolinaz beteago

Donostiarrak beti aurretik joan dira, eta azken laurdenean Cornelius eta Coulibalyren artean 29-13ko partziala sartu diote Gernikari.

IDK EUSKOTREN 75

L. GERNIKA BIZKAIA 54


«Taldearen garaipena izan da. Gauza handia da Laren Cox eta Coulibaly bezalako jokalariak uztaipean izatea. Beraiei esker kanpokook ere aukera gehiago izaten ditugu». Horra IDK Euskotreneko antolatzaile Laura Corneliusen hitzak, bere talde ohiaren aurka euskal derbia eraman berri. Donostiarrek eta gernikarrek partida lehiatua izan zuten aurreneko hiru laurdenetan, baina azken hamar minutuetan bizkaitarrak, hilaren 4tik atzo arte partidarik jokatzeke, gasolinarik gabe geratu ziren.

Aurkariaren neke horri Marian Coulibalyk eta Laura Corneliusek berak sekulako etekina atera zioten, izan ere, IDK Euskotrenek 29-13ko partziala lortu zuen azken laurdenean. Garaipena ez ezik, bien arteko puntu aldea ere eskuratu zuten Azu Muguruzarenek, bizkaitarrek Malosen 87-71 irabazi baitzuten.

Ordura arte, hasierako 0-6an izan ezik, donostiarrak ia beti aurretik izan ziren, baina harrokeriarik gabe. Gernikarrek larrutik ordaindu zuten hirukoetan 11 saiakeratik 2 bakarrik sartzea eta jaurtiketa libreetan 11tik 6 saskiratzea. Gipuzkoarrek, berriz, hirukoetan 16 saiakeratik 7 sartuta, askoz erraztasun handiagoak izan zituzten erasoan. Hala, Joy Adams, Cvitkovic, Maria España eta Lauren Cox ere, Coulibaly eta Laura Cornelius bezala, hamarna puntura iritsi ziren. Bizkaitarren artean, Paula Ginzo eta Roundtree nabarmendu ziren, eta beraiei esker heldu zen euskal derbia azken laurdenera markagailua 46-41 zela. Alabaina, ordurako bistakoa zen Mario Lopezenak nekatuta zeudela, eta azken hamar minutuetan goitik behera amildu ziren, erremediorik gabe.

Atzoko derbia ahaztuta, astean zehar La Seuren eta Campus Prometeren aurkako aurreneko itzuliko lehiak prestatu beharko dituzte bizkaitarrek, Kopan sartzea bermatzeko.

Araski, galtzaile Logroñon

Bestalde, Kutxabank Araskik ez zuen zereginik izan Logroñon Campus Prometeren aurka eta egurra jaso zuen: 75-50.

Gasteiztarrek laurden guztiak galdu zituzten; ez da harritzekoa 12 hirukotik bakarra sartuz gero eta 19 jaurtiketa libre bota eta 9 bakarrik saskiratuta. Tanaya Atkinsonek eta Sedak zeozer egin zuten, baina, oro har, Madelen Urietarenak oso eskas aritu ziren partida hasi eta buka.