Jon ORMAZABAL
PILOTA

Oinatzen agurra, otsailaren 26an

Leitzarrak tendinopatia bat du ezker izterreko abduktorean, zuntz hausturarik ez, eta hilabete inguru beharko du erabat osatzeko.

Larunbat honetan Iruñeko Labriten jokatzekoa zen Oinatz Bengoetxearen agurreko partida hilabetez atzeratu dute enpresak eta pilotariak, larunbatean Markinan izandako lesioren ostean leitzarra ez delako data horretan jokatzeko moduan izango. Atzo bertan egin zizkioten mediku proben arabera Bengoetxea VI.ak ez du gihar hausturarik, baina bai tendinopatia bat ezker izterreko abduktore luzean –alboko giharra ere handituta dauka–. Hortaz, hiruzpalau aste beharko ditu osatzeko. Pilotaria hasia da jada fisioterapia tratamendua jasotzen.

Horiek horrela, enpresak data berriak ezarri ditu bai Labriteko azken partida horretarako bai atzoko Tolosan iragarria zuten Jokin Altunaren aurkako partidarako; hurrenez hurren, otsailaren 21ean eta 26an izango dira azkenean. Asteburu horretarako, Binakako Txapelketako play-offetako partidak daude iragarrita ligaxkan hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatzen diren bikoteen artean.

Larunbateko zorigaiztoko lesioak leitzarraren planak goitik behera aldatu ditu, izan ere, otsailaren 26rako zuen iragarrita urrira arte herri txikietan jokatuko dituen partidetako lehenengoa. Oinatz Bengoetxearen ametsa profesional bezala hogei urtez aritzea da, urriaren 5ean beteko da epe hori eta bitartean han-hemenka erakustaldi partidak jokatuko ditu Garfe eta Upel enpresekin, eta bere kasa ere antolatuko ditu zenbait jaialdi. Otsailaren 26an Belauntzan jokatuko zuela iragarrita zegoen, Esnaola lagun, Maiz eta orain gutxira arte Baikon kide izan duen Jon Erasunen aurka.

Agenda bete-beteta du leitzarrak eta dei piloa izaten ari da handik eta hemendik. Eguraldia lagun, aurrelariaren asmoa da urriko lehen edo bigarren asteburuan jokatzea zuriz jantzita bere azken partida, txiki-txikitatik hainbeste ordu eman dituen Leitzako plazan.

Tolosatik Iruñera

Belauntzakoa ez da Oinatz Bengoetxearen lesioak ekarri duen albo-kalte bakarra, izan ere, enpresa nagusiek ere aldaketak egin behar izan dituzte euren karteldegietan, Euskal Telebista larunbateko esku pilota emanaldirik gabe ez uzteko. Leitzarraren agurra zen hasiera batean egun horretako eskuzko jaialdi profesional bakarra eta sortutako hutsunea betetzeko Aspek eta Baikok egunez eta frontoiz aldatu dute astelehenean Tolosako Beotibarren jokatzekoa zen Binakako txapelketako Ezkurdia-Tolosa eta Peña II.a-Albisu bikoteen arteko partida. Azkenean jaialdia, Promozioko Victor-Gaskue eta Bakaikoa-Elizegi bikoteen arteko partida ere bai, Iruñeko Labriten jokatuko da, Bengoetxearen agurra prestatuta zegoen leku eta ordu berean.

Artolaren garaipena Tolosan

Oinatz Bengoetxea gabe ere, enpresek aurrera egin zuten atzo Beotibarren iragarrita zuten jaialdiarekin. Artolak bete zuen eguneko protagonista behar zuenaren lekua eta baita ondo bete ere, garaipen ona eskuratu baitzuen, Albisuk lagunduta, Altuna eta Bikuñaren aurka, 22-16.

Ataundarrak atzean irekitako zuloei etekin handia atera zien alegiarrak eta erasoan oso eraginkor aritu zen, denera hamar tanto amaituz. Garaipena, gainera, errazagoa ere izan zitekeen, Baikoko bikotea 21-10 aurreratu baitzen, baina Aspekoek markagailua pixka bat txukuntzea lortu zuten azkenerako.

Promozio Txapelketan, Alberdi-Uriondok zulotik irteteko oso premiazkoa zuten puntua –lau dituzte dagoeneko– eskuratu zuten Larrazabal-Salaverriri 22-14 irabazita. Azken horiek hirurekin geratu dira sailkapeneko azken-aurreko postuan.