Iurre BIDEGAIN
PILOTA

Xistera, kirolaz harago doan ongizatea adinduentzat

Azaroaz geroztik, Aviron Bayonnais klubeko pilota sailak jarduera berri bat proposatzen die adinduei: xistera. Arrakasta benetan izugarria lortu duen animazio honek 55 eta 84 urte bitarteko jokalariak biltzen ditu astean bi aldiz Baionan.

Aviron Bayonnais klubeko pilota saileko arduradunek ezusteko ederra jaso dute beren animazio berriarekin. Orain arte, gazteei eta elbarritasunen bat duten jokalariei proposatzen zizkieten jarduerak, baina deus ez zen eskainia adinduentzat. Hori azarora arte. Badira bi hilabete baino gehiago astean bi aldiz xisteran aritzeko pertsona adinduak elkartzen dituela klubak Baionan.

Parte hartzaileak «gazte adindun» bezala definitzen ditu Alain Betbeder Aviron klubeko pilota saileko lehendakariak. Kazeta.eus-i azaldu dionez, adindunak Euskal Herrian ongi ezagutua den xisteran aritu daitezke 2006an Pierre Perretek asmatu zuen plastikozko xisterari esker. Gilen Zaldunbidek euskarria egokitu eta pilota berezi bat sortu zuen. «Arinagoa da. Orotara, 125 gramo egin ordez, 85 gramo egiten ditu. Biziagoa da. Trinketean entzuten den soinu magiko horri esker, jendea kirol honi lotzen da».

Plastikozko xisterei eta pilota bereziari esker kirol hau egokitu da parte hartzaileen baldintzetara, eta nola! Xisteran jokatzeko erak eta erabilitako pilotaren ezaugarriek ahalbidetzen dute modalitate hau adinduentzat oso egokia izatea. «Lehen unetik erakusten diegu ez dela pilota jo behar», azaldu du. Xisterarekin pilota eskuratu eta berriz bota behar da. Indarrik ez da behar.

«Adina pasa eta artikulazioak gero eta okerrago daude. Xisteraren modalitate honetan ez da kolperik egiten. Kontsideratu daiteke ongizatea eskaintzen diela parte hartzaileei», aipatu du poztasunez. Ez da bera poza sentitzen duen bakarra, parte hartzaileak ere alai direlako paretaren aitzinean.

Paul Sadarguesek 79 urte ditu. Pilotan aritzen zen bederatzi urte zituelarik eta 70 urte pasa ondotik, erretretara hurbiltzean pilotara berriz hurbiltzeko gogoa piztu zaio. «Burua entrenatzen dudan bezala, honi esker fisikoa ere mantentzen dut. Gainera, ahalbidetzen dit berriz ere haurra sentitzea, eta besteak ere haurrak bilakatzen direla ikustea», aitortu du.

Dominique Lugerrek 68 urte ditu. Aviron Bayonnais kluba jarduera abiatzeko Baionako Herriko Etxearekin harremanetan jarri eta aktibitatea martxan jartzea erabaki zutenean, e-mail bat jaso zuen Herriko Etxearen partetik. «Kirola maite dut eta segidan animatu nintzen», erran du irriñoarekin.

Baionako Santespiritu auzoan jaioa, iruditzen zaio aktibitateak laguntzen diela etxetik ateratzen; «eta erretretan gaudelarik batzuetan zailtasunak ditugu horretarako». Berarentzat oso garrantzitsuak dira pasatzen dituzten memento onak eta egiten dituzten irriak. «Gure artean ez da lehiakortasunik, ez dugu helburu berezirik».

Paul Sadargueseren erranetan, kirol modalitate honek ahalbidetzen du parte hartzaileek aitzinamenduak egitea, eta hori oso aberasgarria da. Saileko lehendakariak dioenez, jakinik ere Baionako besten kari pilota partidak edo erakustaldiak egiten dituztela, «batzuek antolatzen ahalko litzatekeen erakustaldi bat dute buruan eta horretarako entrenatzen dira», erran du irriz. Nahiz eta deus ez den oraindik ziur finkatua.

Proposamena garatu

Arrakasta ikusita, egun zein ordutegi berean, Gurutze Saindua auzoko ezkerparetara bideratu nahiko lituzkete parte hartzaile batzuk, haiek jolasteko espazio gehiago izan dezaten. «Hasieran, ezkerparetan jokatzen dute keinua barneratu dezaten, eta keinua kontrolpean dutenean pixka bat azkarrago jo nahi dute; beraz, kaskoak janzten dituzte eta launaka ari dira aitzineko paretaren kontra», azaldu du.

Alain Betbederrentzat jarduera hau antolatzea oso aberasgarria da. «Irriak entzuten ditugunean haien artean, eta baita gurekin ere, pentsatzen dugu zerbaitetarako balio dugula. Harreman soziala saretzea lortzen dugu eta garai hauetan beharrezkoa da».

Gainera, aipatu duenez, parte hartzaile batzuk jada hurbiltzen hasiak dira klubak antolatzen dituen beste ekimenetara, eta horrek, bere iritziz, zentzua ematen dio klub baten bizitzari: bateratzeak, elkarrekin egoteak eta laguntzeak.