Iraide IBARRONDO
BILBO
DEMOKRAZIAREN ALDEKO EKIMEN ERRALDOIA UZTAILAREN 2AN

300 gailurretan argia, Euskal Herria eta Katalunia baturik, erabakitzeko

Euskal Herriak eta Kataluniak erronka bateratu bat iragarri dute datorren uztailaren 2rako: Pirinioetako 300 gailur argiztatzea, Jaizkibeletik Benasquera euskaldunen kasuan, erabakitzeko eskubidearen afera erdigunera ekartzeko. Gure Eskuk eta eragile katalan antolatzaileek atzo aurkeztu zuten, musikaz, dantzaz eta umorez betetako ekitaldian.

Euskal Herriak eta Kataluniak autodeterminazioaren aldeko ekimen bateratu berri bat izango dute 2022ko uztailaren 2an, larunbatean. Erabakitzeko eskubidea erdigunera ekartzeko asmoz, Pirinioetako 300 gailur argiztatuko baitituzte. Hori horrela, Pirinioetako Bidea-Via Pirinenca ekimena aurkeztu zuten atzo Gure Eskuk, ANCk eta FEECk (Kataluniako mendi federazioak) Bilbon.

Aurkezpenaren irekiera artistikoak ekimenak hartuko duen forma iradoki zuen. Erabat ilundutako eszenatokiaren gainean, Garazi Etxabururen siluetak Pirinioetako mendi gailurrak imitatu zituen eta, Eñaut Zubizarreta biolontxelistaren melodien konpasean, linterna txikiak argiztatu zituen dantzariak apurka-apurka, udan ospatuko den ekimena mendietatik oholtzara jaitsiz.

Jarraian, Gure Eskuko bozeramaileek, Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk hartu zieten lekukoa bi artistei. Hauek azaldu zuten euskaldunek 115 gailur argiztatzeko ardura izango dutela eta tontorrak bi taldetan sailkatuko direla: alde batetik, berdeak egongo dira, «zailtasun berezirik gabekoak eta pertsona gehienek igotzeko modukoak», eta, bestetik, gorriak. Gailur gorrietara mendizale trebatuak igo ahalko dira soilik eta, berdeen kasuan ez bezala, parte-hartze itxikoak izango dira. Gailur gorrietarako izen-ematea zabalik dago jada, baina, berdeetarako martxora arte itxaron beharko da. Argiztatuko diren euskal tontorren artean, Jaizkibel, Bianditz, Hiru Erregeen Mahaia eta Saioa daude, besteak beste.

Mendi igoeraz gain, “Txoriak txori” abestea moduko ekimen gehigarriak antolatuko dituzte Euskal Herriko udalerrietan.

Zortzimilakoetako bidelagun

«Gure gailurra ez dago Pirinioetan, gure helburua ‘zortzimilako’ bat da. Herri gogoa berpiztu nahi dugu, burujabetzako prozesu bat abiatu eta bururaino eramateko», esplikatu zuen Etxaburuk. Horren ostean, inork sekula ez duela «zortzimilakorik bakarrik» egin gehitu zuen.

Bilboko hitzordura fisikoki hurbildu ezin izan baziren ere, bidelagun katalanek bideo bidez hartu zuten parte. Elisenda Paluziek, ANCko presidenteak, azaldu zuen proiektu honek Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko «elkarlana» hauspotuko duela. «Mugak jendearen erabaki demokratikoekin marraztu behar dira».

Ildo beretik, Jordi Cuixartek, Omniun Culturaleko presidenteak, Pirinioetako Bidea-Via Pirinenca euskaldunen eta katalanen arteko «anaitasunaren beste sinbolo bat» izango dela esplikatu zuen.

Bukatzeko, Gure Eskuko bozeramaileek plazaratu zuten Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko elkarlanak gatazka katalan edo euskaldunik ez dela existitzen erakusten duela eta, beraz, Estatu frantses eta espainiarra direla gatazka demokratikoa eragiten dutenak «erabakitzeko eskubidea ukatzean».