Isabel Salud
Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusia
KOLABORAZIOA

Eskubideetan aurrera egiten jarraitzeko ezinbesteko urratsa

Ostegun honetan, Diputatuen Kongresuak 32/2021 Errege Lege Dekretua balioztatzen duen ala ez erabakiko du. Dekretu horrek Gobernuak, patronalak eta sindikatuek adostutako lan-erreforma berria jasotzen du. Egia da ez dituela erabat indargabetzen aurreko lan-erreformak. Hala ere, ezinbestekoa da, langile klasearen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko. Ez onartzeak Alderdi Popularrak 2012an ezarritako lan-erreforma abalatzea ekarriko luke.

Adostutako lan-erreforma berriak langileen lan-bizitzaren hiru zutabeetan eragiten du. Enpleguaren egonkortasuna hobetzen du; behin-behinekotasuna murrizten du; lan-harremanak eta negoziazio kolektiboaren baliozkotasuna errazten ditu eta kaleratze bat jasateko aukera murrizten du. Lehenik eta behin, lan egonkorragoa lortzen da. Kontratuak mugagabe kontsideratuko dira, oro har, eta behin-behinekotasuna askoz gehiago mugatuko da. Egoera hori bereziki gazteek pairatzen dute eta egungo prekaritatearen oinarrian dago. Prestakuntza-kontratuek muga handiagoak izango dituzte enpresentzat eta eskubide berriak sortuko dira, orain arte ukatu direnak, hala nola lanbidearteko gutxieneko soldataren azpitik ez kobratzea edo langabezia-prestaziorako eskubidea.

Bigarrenik, lan-harremanak hobetzen dira. Soldata-arloko hitzarmen sektorialaren konkurrentzia berreskuratzen da. Horrek bermatzen du ezein enpresak ezingo duela hitzarmen sektorialean ezarritako soldataren azpitik ordaindu. Aldi berean, enpresa nagusiaren sektoreko hitzarmena azpikontratetan aplikatu behar izango dena zehazten du, eta aurreraeragin mugagabea hitzarmen kolektiboetara itzultzen da; horrela, hitzarmena amaitu bada ere, haren baldintzek indarrean jarraituko dute berria indarrean egon arte eta ezin izango dira inoiz okertu, orain gertatzen den bezala.

Hirugarrenik, aldi baterako enplegu-erregulazioak (ABEE) indartzen ditu, enplegu-erregulazioen (EEE) edo kaleratze kolektiboen aurrean. Horrela, kaleratze kolektibo batean lana galtzeko arriskua murrizten da. Krisi orokorrei edo sektorialei aurre egiteko RED mekanismoak deritzenak sortzen dira. Gainera, prekaritatea modu zorrotzagoan zigortzen da, legezko araudia ez betetzeagatiko zigorrak zabalduz.

Lan-erreforma hau mugarri historikoa da. Historian lehen aldiz, Langileen Estatutua aldatu da, langile-klasearen eskubideak hobetzeko. Erreforma hori oso positiboa izango da prekaritateak eta behin-behinekotasunak gehien eragiten dieten kolektiboentzat: emakumeentzat eta gazteentzat. Jakin badakigu hobetzeko lan asko geratzen direla, hala nola aldi baterako laneko enpresak ezabatzea, irabaziak dituzten enpresetan kaleratzeak debekatzea, izapide-aldiko soldatak berreskuratzea eta kaleratzeagatiko kalte-ordaina handitzea.

Esan daiteke ez dela erreforma integrala, eta gauzak falta direla, baina lan-erreforma horri ezetz esaten diotenek ondo azaldu behar dute hitzartutako neurrietatik zeinek egingo dion kalte langileriari. Bestela, argi geratuko da beren jarrera langileen bizitza hobetzetik oso urrun dauden bestelako estrategia sindikal edo politikoei dagokiela.

Estatu osoko langile klasearen lan-baldintzak hobetuko dituen aurrerapauso baten aurrean gaude. Egoerak eskatzen duen mailan egotea eskatzen diegu Euskadiko indar sozial, sindikal eta politiko guztiei, langile klasearen beharrak lehenetsiz, lurraldeko aldarrikapenen aurretik.

Lan-erreforma hau onartzeak gaur aurrera egiteko eta bihar lan-eskubideak eta -hobekuntzak eskuratzen jarraitzeko balio du.