Ane URKIRI ANSOLA

Nadal baino tenislari loriatsuagoak

Nadalek historia egin du, inork egin gabeko zerbait erdietsi du», zioten zenbait hedabidek Rafa Nadalek Australiako Irekia irabazi –benetan partida epikoa jokatuz, hori ere txalotu egin behar da– eta bere 21. Grand Slama lortu ostean. Sekulako lorpena da, ez du inork ezbaian jartzen, baina, beste behin ere, historian hainbat aldiz gertatu legez, emakumeen lorpenak isilarazi egin dira.

Nadalek historia egin du gizonezkoen tenisean, baina ez tenisean bere horretan. Zer esango du Margaret Courtek, 1960tik 1973ra bitartean 24 Grand Slam bereganatu zituen australiarrak? Edo Steffi Grafek, 1987tik 1999ra 22 irabazi zituen alemanak? Grafek, gainera, oraindik inork errepikatu ez duen Urrezko Slama ere bereganatu zuen 1988. urtean (lau Grand Slamak eta Olinpiar Jokoetako urrezko domina).

Are gehiago, zer pentsatuko du egun oraindik ere jokatzen jarraitzen duen Serena Williamsek? Bere 23. Grand Slama irabazi zuen 2017an Australian bertan eta 2019an Courten lorpena parekatzetik gertu egon zen. Jakina, ez zuen inola ere Nadalek bezainbesteko oihartzunik izan.

Sareak, nolabait, emakume tenislarion lorpenen ohartarazle bilakatu dira egunotan. Tenis zalea izan edo ez, kirol zalea izan edo ez, han-hemenka ibili da hiru tenislariok Nadalek baino Grand Slam gehiago irabazi dituztela oroitarazten duen testua.

Court, Graf eta Serena Williamsen lorpenak isilarazten baldin badira, emakume erreferenteak isilarazten dira. Nadalen figura gorenera eraman eta besteak ahanzturan erortzea dakar horrek. Gizonezko batek lortutakoari pisu gehiago ematea, balio gehiago, emakumeek errazago izango balute bezala. Emakumeen lorpenak gutxiestearen adibide garbia da.

Nadalek gizonezkoen tenisean egin du historia, 21. Grand Slama irabaztea badelako azpimarratzea merezi duen lorpena. Baina lortutakoa testuinguruan jartzea ere komeni da, kirola ez delako soilik gizonezkoena eta, kasu honetan, emakumeek lehenago lortu dutelako 21 Grand Slamen langa gainditzea.

Batzuek esango dute aipatu hiru emakumezko tenislariok ez zutela kasik aurkaririk izan lehiatu ziren bitartean; alegia, erabat nagusi izan zirela. Eta Nadalek, Federer eta Djokovic izan dituela arerio (hogeina Grand Slam dituzte biek). Baina garaian garaiko arerioak baino askoz hobea izatea ere bada meritua, ezta?

Gogoratu, beraz, izenak: Margaret Court, Steffi Graf eta Serena Williams, beraiek ere izan zirelako eta badirelako teniseko izarrak. Aitzakiak aitzakia eta fokuek itzalpean gorde nahi badituzte ere.