Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

«Guerre future»bidearekin 8c+ mailara igo da 12 urteko Theo Blass

Nahiz eta 9a zailtasuneko bide bat probatu nahi zuen, Clareteko (Frantzia) marran sartu eta lehenerrepikapena sinatu berri du. Eskalatzaileak onartu du inoiz egin duen jarduera gogorrena izan dela.

Soilik 12 urte baditu ere, Theo Blass izena hartzen ari da dagoeneko kirol eskaladaren munduan. Denek diote etorkizun itzela duela, eta azken egunotan erakutsi du bide oso egokia hartu duela. Haur bat besterik ez da, baina eskalatzaile frantziarra gai izan da Clareteko (Frantzia) “Guerre future” bidea kateatzeko. Horri esker, 8c+ mailako esferan sartu da. Eta, gainera, marra horren lehen errepikapena egin du.

Clareteko bidea lehen lerroan dagoen Seb Bouin eskalatzaileak ekipatu zuen urtarrilaren hastapenetan, eta lehendabiziko igoera ere egin zuen. Zalantzarik gabe, Blassen lehen errepikapena meritu handikoa da; izan ere, eskalada eskola horretan dagoen graduazioa gogorra da eta estilo berezia ere badu.

Jarduera egin bezain laster, Blassek honakoa adierazi zuen Instagram sare sozialean: «Erresistentzia eta potentzia eskatzen dituen sekzio oso gogorra du. Hori gutxi ez, eta heldulekuak ez dira batere atseginak: pintza modukoak, lateral txarrak, kamutsak... Gainera, orpo asko jarri behar dira, eta trikimailu bereziak ditu bideak. Orekari eustea ia ezinezkoa egiten zitzaidan. Ez ditut zenbatu, baina makina bat ekinaldi izan dira. Marrak nire mugetara eraman nau. Alabaina, pozarren nago; lasaitu ederra hartu dut».

Etorkizun oparoa

Montpellier hiriko eskalatzaile gazteak hiru urte daramatza bazterrak astintzen. 9 urterekin egin zuen 8b zailtasuneko lehen bidea, eta, oso denbora gutxian, 8c mailara igaro zen. Hain zuzen ere, duela bi urteko ekainean “Souvenirs du pic” bidearekin zailtasun hori lortzen eskalatzaile gazteena bihurtu zen.

Vlad haurraren aitak aurreratu du semearen progresioa oso azkarra izaten ari dela, baina tentu handiz ibili behar dutela: «Azken hilabeteotan 8a mailako bide bat bistan egin du. Landuta, berriz, pare bat 8b eta 8b+ oso erraz gainditu ditu. 9a zailtasuneko bi bide ere probatu nahi zituen, baina baldintzak ez ziren onak eta marra horietara iristea bera ere ez da oso samurra. Clareten izan gara, besteak beste, tenperatura ona egin duelako eta bertara iristeko arazorik ez dagoelako».

Theo Blassen aitak etorkizuneko proiektuak aipatu ditu, eta aurreratu du etxetik gertu bideren bat egiten saiatuko dela: «Autoz bost ordura baditugu eskalatzeko toki onak, baina CO2 isuriak murrizteko bidaia horiek ez egitea erabaki dugu. Etxetik gertu arituko gara».