Asier AIESTARAN
NEGUKO OLINPIAR JOKOAK

Lehiakor sentitzearen poza

Lucas Egibar zazpigarren izan da snowboard kros proban. Ez da bere ametsetako emaitza, baina izandako arazoek balioa eman diote.

Lucas Egibar donostiarrak zazpigarren amaitu zuen atzo Beijingo Olinpiar Jokoetako snowboard kros proba. Modu horretan, orain lau urte Pyeongchangen lortutako olinpiar diploma errepikatu zuen bere hirugarren Jokoetan. Emaitza ez da batere txarra, baina Egibar Munduko Kopan lehen postuan dagoela kontuan izanda, egia da zapore gazi-gozoa uzten duela.

Gipuzkoarrak esana zuen aurreko egunetan Zhangjiakouko pista ez zuela bereziki gustuko, eta atzoko emaitzetan ere ikusi zen hori. Sailkapen fasean, esaterako, 21. denbora onena lortuz egin zuen aurrera, nahiz eta modalitate honetan benetako borroka kanporaketetan hasten den, faboritoentzat behintzat.

Final-zortzirenetan, Martin Nörl alemaniarraren atzetik bigarren eginda lortu zuen hurrengo txandarako sailkapena. Eta final-laurdenetan ere bigarren izan zen helmugan, zorte apur batekin: txandan azkena joan arren, Nörl alemaniarrak eta Mick Dierdorff estatubatuarrak elkar jo zutela baliatu zuen bi postu aurrera egin eta bigarren amaitzeko.

Beste behin ere Lucas Egibar onenen artean kokatuta zegoen, dominen borrokan sartzeko prest, baina finalerdian mailak koska bat gora egin zuen nabarmen eta ezin izan zuen laugarren postutik pasa. Gero, final nagusian, urrezko domina irabaziko zuen Alessandro Hämmerle austriarra eta zilarra bereganatuko zuen Eliot Grondin kanadarra izan ziren onenak txanda horretan.

Bere partaidetza “final txikia” deitzen zaion jaitsierarekin amaitu zuen, bosgarren postutik zortzigarrenera bitartekoak erabakitzen dituena, baina hor ez zuen zorterik izan, Tommaso Leoni italiarra bere aurrean erori zelako. Garaipena eta bosgarren postua Merlin Surget frantziarrarentzat izan zen.

Behin proba amaituta, Lucas Egibarrek balantze positiboa egin zuen, Jokoetara heltzeko izan zituen arazoak gogoratuz batez ere. «Mota guztietako sentipenak dauzkat oraintxe bertan. Bidea oso gogorra izan da bizkarreko lesioarekin eta benetan pentsatu nuen ez nintzela Jokoetara iritsiko. Horregatik, hemen egotea eta dominen borrokan sartzea sinestezina izan da niretzat. Pasatako une txarren ordaina jaso dut», adierazi zuen donostiarrak.

Nathan Chen nagusi

Jardunaldiak utzi zituen protagonisten artean Nathan Chen estatubatuarra aipatu behar da, patinaje artistikoan urrezko domina lortu baitzuen finalean sartu ziren hiru japoniarrak menderatuz. Ariketa libre bikaina egin zuen Chenek, guztira 332,60 puntu eskuratuz. Bigarren Yuma Kagiyama izan zen (310,05) eta hirugarren Shoma Uno (293). Faborito nagusia izan arren, Yuzuru Hanyu podiumetik kanpo geratu zen azkenean.

Eta Johannes Strolz ere aipatu behar da. Austriarrak Aleksander Aamodt Kilde faboritoa menderatu zuen eski alpinoko proba konbinatuan eta, horri esker, Hubert bere aitak orain dela 34 urte lortutako garaipena errepikatu ahal izan zuen.