Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EMAKUMEEN LIGA

Kopako serie-buru izateko, Cadi La Seuri irabazi beharko dio Lointek Gernikak

Aurreneko itzuliko partida bakarra falta zaio Lointek Gernika Bizkaiari: gaur, 18.00etan, Cadi La Seu taldearen etxean jokatu beharko duena talde katalanaren kontra.

Talde biek jakin badakite martxoan Valentzian jokatuko den Koparako txartela eskuan dutela, baina gaurko neurketa hau ez da tramite hutsa, irabazlea serieburu izango delako; hau da, aurreneko itzulia aurreneko lauren barruan amaituko duenez, final-laurdenetako kanporaketan aurkari zailenak –Perfumerias Avenida, Spar Girona eta Valentzia Basket– saihestuko ditu. Galtzaileak, berriz, IDK Euskotren, Zaragoza eta Estudiantesekin batera, zozketan zer aterako zain geratu beharko du.

Ez dauka lan makala Mario Lopezen lantaldeak, aurrean Irati Etxarri lider duen taldea baitauka. Egia da hasierako txispa –hegal-pibot nafarrari bereziki– apur bat itzali zaiola, baina baita Bernat Canutek zuzentzen duen taldean beste izen propio batzuek aurrerapauso bat eman dutela: direla Raventos eta Peña antolatzaileak, direla Ariadna Pujol, Pivec eta Tunstull hegaleko eta pibotak.

Ariztimuño gabe

Partidak bestela ere izango duen zailtasunaz gain, aintzat hartu behar da gernikarrek ezingo dutela Itziar Ariztimuñorekin jokatu aurtengo denboraldia amaitu bitartean.

Asteon ebakuntza-gelatik pasatu behar izan du antolatzaile bilbotarrak Leganesen aurkako partidaren amaieran kolpe baten ondorioz eskuin eskuko laugarren eta bosgarren hatzak hautsita amaitu zuelako. Ondorioz, Roselis Silva eta Roso Buchen artean banatu beharko dituzte jokoa antolatzeko lanak.

Lointek Gernika Bizkaiaren webguneak ere «Finala» dela adierazten du gaur arratsaldeko neurketa. Aipatu hiru «erraldoien» atzetik, laugarren postua bermatuko du garaileak, eta horrek finalerdietarako txartelik emango ez badu ere, dezente erraztuko dio bidea irabazleari.